‘Errenteria Bertakoak’ tokiko merkataritza eta harremanak balioesteko kanpaina abian da

Errenteriako Udalak, Bizi Errenteria programaren baitan, Errenteria Bertakoak kanpaina jarri du abian. Gabon garaian kontsumoak duen presentziaz ohartuta eta tokian tokiko merkataritza balioetsiz tokiko harremanak azpimarratzen ditu ekimenak.

Tokiko ekonomia-eredua sendotzeko ibilbidearen eta eboluzioaren abiapuntua da Errenteria Bertakoak. Bertakoa eskatzera eta eskaintzera gonbidatzen ditu herritarrak. Tokiko harremanak eragitera eta bizitzera. Errenteria guztion lanaren gune eta elkarrekin gozatzeko gune gisa azaltzen du bizikidetza gakoan. Hori irudikatzeko herriko lau merkatari eta euren bezeroak izango dira kanpainaren protagonistak eta herrian zehar ikusi ahalko diren kartel eta markesinetako irudi, beraz.

Ekimenak, bestalde, partaide izatearen sentimendua indartu nahi du: tokikoaren aldeko hautaketa balioan jarriz.

Errenteria Bertakoak, Bizi Errenteria programaren baitan dagoen ekimena

Errenteriako Udalak 2020ean abian jarritako programa da Bizi Errenteria, Talka eta Suspertze-Planaren baitan, herriaren suspertze ekonomikoan eragiteko asmoz. Pertsonak erdigunean jarriz, tokiko gizarte- eta ekonomia-eredua zabaldu nahi dituen egitasmoa da. Kontsumitzaile, merkatari, ostalari zein enpresari txikiak, denak, Errenteriako ekonomia suspertzeko garaian batu nahi dituena. Izan ere, leloak dioen bezala, Errenteria bizitzeak egiten baitu herri.

 Bizi Errenteria, programa bizia

Bizi Errenteria programak hainbat egitasmo desberdin plazaratu ditu, bai etxeko ekonomiari baita herriko ekonomia-sarea eratzen duten sektoreei lagunduz: hiru bonu kanpaina; lehen sektorearentzako eta ostalaritzarentzako berariazko kanpainak; eta ekonomia jardueren dinamizazio gurutzatuak.

Errenteriako 300 establezimendutik gora atxikitu dira ekimenean

Bizi Errenteria egitasmoa garatu ahal izateko ezinbestekoa izan da herriko 300dik gora ekonomia-eragileren eskuartzea. Atxikitutako Errenteriako merkatari, ostalari edota enpresari txiki guztien inguruko informazioa bizi.errenteria.eus webgunean dago eskuragarri.