Errenteriako ibaietara botatako tona bat hondakin jaso eta garbitu dira 2021 urtean

Errenteriako Udalaren eta Behemendi Landa Garapenerako Elkartearen elkarlanaren ondorioz, ekainean eta irailean bost eguneko garbiketa kanpaina bana egin du brigada batek Oiartzun ibaiaren ibilguan eta Tolarieta, Masti, Lintzirin eta Epentza erreken erretenetan. 2016an abiaturiko udal-ekimen honen bidez, naturagune hauetatik 1.100 kilo hondakin inguru bildu dira, horietatik plastikoa ugari azalduz.

Oiartzun Ibaiari dagokionean, Oiartzungo muga eta Santa Klara plazaren arteko zatia garbitu da, Lintziringo erretena Lartzabalgo auzotik hasita Oiartzungo mugaraino hartzen duen zatia barne, Fanderiako kanala ahaztu gabe.

Modu berean, Tolarieta, Masti eta Epentzati ibilguak ere garbitu dira. Lehenengoa Tolarieta baserritik hasi eta Masti-Loidi industriagunera bitartean; bigarrena, Loidi baserriaren aldemenetik hasi eta Pontikako auzoa bitarteko zatian; eta hirugarrena Perurenatik hasi eta Txikierdira arte.

Garbiketa kanpaina publiko hauek hiritarrak hondakinen kudeaketak daukan garrantziaz eta geure jokaeraren ardura kolektibo nahiz indibidualaz sentsibilizatzea dute helburu. Hondakinak jatorrian murriztu eta birziklatzeko egoki bereizten ez baditugu, geure ibaietan agertuko dira, hauek kaltetuz eta kutsatuz, eta, azkenik, hondakinek Kantauri itsasoraino ere iristen jarraituko dute.

Hondakin horiek desegiten diren neurrian, ekosistemetarako eta flora zein fauna basatietarako kaltegarriak diren konposatu kimikoak eta mikroplastikoak askatzen dituzte, osasunean eta ibilguetan eta ur-sistemen hondoetan eragiten duten kutsadura-fokuak sortuz. Plastikoaren kasuan, hegazti nahiz arrainek hartan biltzeko edota horiek irensteko aukera dute, fauna desagerrarazteko arriskugarri izanik.

Udalak ingurumen egitasmo hau indartzea aurreikusia du 2022. urterako, Oiartzun ibaiaren bi ertzetako baranden eta petrilen azpi aldean saretak jarriz, lurrean abandonatutako hondakinak ibaian bukatzea oztopatzeko.