Herriko ikastetxeetako DBHko ikasgeletan kultura- eta hizkuntza-aniztasuna lantzen ari dira

Herriko DBHko ikasgeletan ikasturte osoan zehar kultura- eta hizkuntza-aniztasuna lantzea helburu duen proiektu bati hasiera eman zaio.

Proiektua gauzatuko duen Garabide elkartea hizkuntza-lankidetza burutzen duen Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundea da, 2005etik hainbat ildotan lan egiten duena. Batetik, zubi-lana egiten du euskal komunitatearen eta munduko hainbat herrialdetako hizkuntza komunitate gutxituren artean, euskararen esperientzia partekatuz komunitate horiekin beraien hizkuntzak biziberritzeko prozesuak indartzeko. Bestetik, gizarte eraldaketara begira ere lan egiten du, Euskal Herriko udalerri eta hezkuntza-komunitateetan kultura eta hizkuntza aniztasunaren balioak eta komunitateen arteko ezagutza eta onarpenak elkarbizitzarako duen garrantzia balioan jarriz.

Azken lan-ildo horri jarraituz, elkarteak herriko DBHko ikastetxeetarako proiektu bat diseinatu du. Hilabete honetan abian jarri da proiektua eta ikasturte amaierara arte iraungo du. Honekin, ikasleek aukera izango dute aniztasun horri buruzko ezagutza eta kontzientzia kritikoa garatzen hasteko.

Era berean, elkartearen asmoa da baliabideak eskaintzea aniztasunaren eta kulturen eta hizkuntzen arteko elkarbizitzaren gaiak lantzeko eskolek duten gaitasuna sustatzeko, eta sentsibilizazio ekintzak garatzea etorkizuneko bizikidetza hobeago bati begira.