Kultur Malutak programak egitarau zabala dakar aurten ere

 

Aurten ere, Kultur Malutak lelopean, abenduaren erdialdetik urtarrilaren erdialdera luzatuko den kultur programa zabala aurkeztu du Udalak. Herriko eragileek proposatutako eta Udalak berak antolatutako ekintzak jasotzen dituen egitaraua dela nabarmendu nahi izan dute Itziar Ostolaza Hezkuntza eta Hizkuntza politiken Zinegotziak eta Maite Gartzia Kultura Zinegotzia . Xehetasun guztiak prentsa aurrean eman dituzte gaur goizean.

Iaz bezala, Covid 19ak sortutako pandemia dela-eta, ezingo dira sasoi honetan ohikoak diren hainbat ekintza gauzatu baina horien ordezko izan daitezkeen jarduerak antolatu ahal izateko lanean aritu direla esan dute. Helburua herritik mugitu gabe herritarrei aisialdiaz gozatzeko aukerak ematea dela azaldu dute.

Adin tarte guztientzako egitaraua osatzeko ahalegin berezia egin dutela azpimarratu dute zinegotziek eta baita disziplina aniztasuna ere: musika, dantza, antzerkia edo kultur sorkuntza ardatz duten tailerrak izango baitira egun hauetako protagonistak. Horiez gain, udal Ludoteka eta Gaztelekuek herriko haur, gazte eta familiei zabalduko diete euren eskaintza opor egunetan.

Osatutako egitarauarekin kultur eskaintza herritarren eskura jarri nahi izan dutela esan dute, ikusle zein parte-hartzaileen segurtasuna lehenetsiz beti ere. Hau horrela, eta egitarauak jasotzen dituen ekintzak kultur jarduera direnez, derrigorrezkoa izango da espazio itxietan gertatuko diren ekintzetan parte hartzeko Covid ziurtagiria aurkeztea.

Leiho digitala

Kultur Malutak aterkipean sortutako ekintza hauen guztien berri emateko leiho digitala sortu dutela azaldu dute: herribizia.errenteria.eus/kulturmalutak. Bertan izango da ekintza guztien berri eta izen-emateak egiteko, sarrerak erosteko edo gobidapenak eskuratzeko modua.

Baina ez hori bakarrik, Olentzero eta Mari Domingi eta Errege Magoak ere izango dute txoko bat bertan. Izan ere, iazko arrakasta ikusita, haurrei zuzendutako mezu pertsonalizatua eskatu ahal izango da aurten ere. “Jakin badakigu haurrek ilusio handiz jaso zituztela gutun hauek. Herriko mugak gainditu genituen ekimen honi esker eta munduko txoko ezberdinetatik jaso genituen gutun eskaerak”. Hala, abenduaren 27tik aurrera, Errege Magoen mezua eskatzeko aukera ere aktibatuko dutela esan dute.

Herriko eragileen elkarlan baten emaitza ere ikusi ahalko du web orrira sartzen denak: Xenpelar Bertso Eskolako haurrek 2021 urteari jarritako bertso sortari musika jarri diote Herri Arte Eskolako ikasleek eta guztiaren grabazioa eskolan bertan egin dute. “Herritar gazteenek duten sormen gaitasunaren kalitatea agerian uzten duen lana da, entzutera gonbidatu nahi zaituztegu, eurekin batera kantatzera eta lagun artean zabaltzera”.

Halaber, Lau Haizetara Elkartearen Olentzero eta Mari Domingiri idazteko gutuna ere eskuragarri izango da web orrian.

Olentzero eta Mari Domingi eta Errege Magoen harrerak

Olentzero eta Mari Domingi zein Errege Magoak ezin izango dira herriko kaleetan zehar ibili baina haurrek beraiekin hitz egin, gutuna eman eta argazkia ateratzeko aukera izango dute.

Olentzero eta Mari Domingi Merkatuzarren izango dira abenduaren 23an 16:00etatik 21:00etara. Bertaratzeko aldez aurretik txanda hartzea beharrezkoa izango da (gaurtik hasita) eta gainontzeko jardueretan bezala Covid ziurtagiria aurkeztea.

Errege Magoen harrera, aldiz, urtarrilaren 5ean izango da 16:00etatik 21:00etara. Kasu honetan ere Merkatuzarren izango da eta txanda eskuratzeko aukera abenduaren 27an aktibatuko dute.

Kaleak ere girotuta

Programazioaz gain, eta herriko ekonomia suspertze aldera, kaleak ere girotu nahi izan dituztela aipatu dute eta hala, musika eta argiztapen berezia izango direla Beraun, Iztieta eta erdiguneko kaleetan energia efizientzia kontuan hartuta beti ere.

Halaber, Herriko plazan orduro izango da Olentzero eta Mari Domingi ikusteko aukera udaletxean jarriko duten karriloiari esker.