Errenteriako Udalak larrialdiko eta ekintza humanitarioko sei proiektu diruz lagundu ditu 2021ean

Errenteriako Udalak 3.000 € eman dizkio honako elkarte hauetako bakoitzari larrialdietako eta ekintza humanitarioko proiektuetarako: ACNUR, Mikelazulo, Taupadak, Itsas Salbamendu Humanitarioa, Zaporeak eta Hemendik Harantz. Guztira, 18.000 €.

– ACNURek babesa eta laguntza ematen die mundu osoko errefuxiatuei eta desplazatuei. 2020ko martxoan hasi zen larrialdiko erantzuna ematen COVID-19ak eragindako ondorioei. 2 hilabetera, 745 milioi dolar lortu behar zirela kalkulatu zen, arrisku handiko 71 herrialdetan errefuxiatuei eta desplazatuei laguntzeko. Abenduan, funtsen % 64 baino ez zen lortu. 2021erako, 924 milioi dolar behar zituzten egungo beharrizan guztiak asetzeko, txertoen hornidura unibertsalik ezean edo tratamendu eraginkor oso erabilgarri baten faltan.

– Mikelazulo Kultur Elkarteak Ekuatoreko Juan Rafael Arrobo Cevallos Hezkuntza Fundazioari emango dio diru hori. Azken horrek Lojako Lizeoa babesten du, eta bertan hezkuntza integrala, inklusiboa, ekologikoa eta balio etikoak eskaintzen dira. Covid-19aren ondorioz herrialdean sortu den krisi ekonomikoaren ondorioz, lizeorako baliabideak murriztu egin dira, eta horrek 45 lanpostuak arriskuan jartzea ekarri du. Egoera horren aurrean, diru kopuru hori erabiliko da lizeoko irakasle, administrari eta laguntzaileen lanpostu guztiak gordetzeko eta ikastetxeko langileen eta ikasleen osasuna babesteko beharrezko baliabideak lortzeko.

– Irungo Taupadak GKEak Boliviako Beniko Vicariato Apostolikoari emango dio dirua. Vicariatoak Moxoseko San Inazioren osasun-sistema ahula sendotzea du helburu, prekarietatea agerian geratu baitzen 2020an piztu zen koronabirusaren pandemiarekin. Proiektuak bi inbertsio mota proposatzen ditu: bata, koronabirusak jotako pertsonen tratamendurako ezinbestekoa den ekipamendu medikoan, eta bestea, intsumo suntsikorretan, hala nola sendagaietan, proba azkarretan, isipuekin eta biosegurtasuneko materialarekin egindako garraiobide biraletan, etab.

– Itsas Salbamendu Humanitarioaren Elkartea, aldiz, beren herrialdeetatik itsasoa zeharkatuz, haien bizitzak arriskuan jarriz, ihes egiten duten migratzaileak eta errefuxiatuak detektatzen, erreskatatzen eta laguntzen aritzen da. Egoera horren aurrean, Itsas Salbamenduak Mediterraneoan nabigatzen du behaketa- eta erreskate-lanetan, osasun-laguntza indartzen du eta laguntza humanitarioa eskaintzen du Egeoko hainbat irlatan, eta herritarrak errefuxiatuen krisiaz sentsibilizatzeko ekintzetan parte hartzen du, haien errealitatea ezagutaraziz. Beraz, jasotako dirua Mediterraneo itsasoan gertatzen ari den larrialdi humanitarioko egoera horri erantzuten jarraitzeko erabiliko da, horretarako beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideak eskuratuz.

– Ildo beretik doa Zaporeak Solidarios Garapenerako Elkartea ere, Mediterraneoan gertatzen ari den aurrekaririk gabeko migrazio-krisiari erantzuna emateko lanean ari dena. Zaporeak elkarteak helburu bikoitza du: batetik, Lesbos uharte greziarrean kalteberatasun handiko egoeran dauden errefuxiatuei elikadura duina, kalitatezkoa eta elikagarria ematea, eta, bestetik, errefuxiatuen eremuetako egungo egoerari buruzko sentsibilizazio-lanak egitea EAEn eta Nafarroan duten boluntariotza-sare zabalaren bidez. Lesbos nabarmentzen da gainerako uharteen artean, Turkiatik gertu dagoelako. 2020ko irailean, Lesbosen errefuxiatuen 3 eremu zeuden: Moria, KaraTepe eta Pikpa. Zaporeak-ek dirulaguntza hau erabiliko du premiazko beharrizanei erantzuteko, hala nola Kara Tepeko errefuxiatuen zelai berrian egiten ari diren elikagaien banaketari jarraipena emateko eta banatzeko, eta Lesbosen errefuxiatuei laguntza ematen dieten gainerako elkarteekin bidean sortutako aliantzekin lanean jarraitzeko.

– Azkenik, Hemendik Harantz elkarteak ere Lesbos uhartean lan egiten du batez ere, baita Quiosen eta Serbian ere, bertan lan egiten duten elkarteekin lankidetzan. Elkarte hauen behar material eta humanoen plangintza eta hornikuntzaz arduratzen dira. Lortu eta bertara helarazteaz hain zuzen ere, bai elikagaiak, zein arropa, edo beharrezko gainerako materialaz. Giza baliabideak ere bidaltzen ditu premiazko laguntza behar izanez gero. Diru-laguntza hau zehazki Lesbos uhartean inolako bizitokirik ez duten errefuxiatuentzako bizitokien alokairu-gastuak ordaintzeko erabiliko da, egoera zaurgarrienean aurkitzen diren migratzaile eta errefuxiatuen larrialdi egoerak gainditzen laguntzeko.