Errenteriako sorterri-etxeak, Jantziaren Zentroan

Andaluzia, Extremadura eta Galiziako jantziak protagonista dira Jantziaren Zentroaren urteko lehen erakusketan. Errenteriako sorterri-etxeen eskutik aipatu hiru erkidegoetako jantzi tradizionalak ezagutzeko aukera dago. Guztira hamalau jantzi dira, hamar emakumezkoenak eta lau gizonezkoenak.

Concha Rociera eta Aljarafe sorterri-etxeek Sevillako apirileko feria ekarri dute gurera. Emakumezko jantziek Andaluziako kolorea, bertako argia, islatzen dute. Bikote batek Rozio herrirako erromeriarako bidean lagunduko gaitu, Huelvan Mendekoste igandeko asteburuan egiten den ibilbide berezian, alegia.

Extremadura Monfrague kultur elkartearen eskutik ezagutuko dugu. Caceres-eko lau jantzik ordezkatuko dute erkidegoa; Torrejoncillo eta Cabezabellosa herrietako bina. Horrez gain, Montehermoso herriko emakumezko kapela berezia ere ikus daiteke erakusketan.

Galiziako jantziak Triskele gaita eskolarenak dira. Coruña eta Lugoko probintzietako jantzi bana. Aipagarria da korazadun jantzia, lastozko jantzi horrek txorimaloa irudikatzen du.

Erakusketa sorterri-etxeen eta Iraultza Dantza Taldearen arteko lehen elkarlanaren emaitza da eta otsailaren 27a arte ikus daiteke, doan, Kapitain Etxearen sarreran.

Ordutegi berria Jantziaren Zentroan

Urtea abiatzearekin batera, Jantziaren Zentroak ordutegi berria estreinatu du eta aurrerantzean igande eta jaiegunetan ordubete gehiago egongo da zabalik. Ordutegia honako hau da: larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara.