Salaketa- eta omenaldi-irteera antolatu dute hainbat txirrindulari elkartek larunbaterako

Kalapie, Gurpilartea, Laguntasuna TXE, Balazta, OTXE Oarsoaldea Txirrindulari Eskola, Lartaun, Girizia, HTE Hondarribiko Txirrindulari Elkartea eta Club Ciclista Irunes Elkarte gipuzkoarrek Gaintxurizketan elkartuko diren bi bizikleta-irteera antolatu dituzte datorren larunbaterako, hilak 15erako, Irun/Hondarribia eta Errenteriatik.

Ekimenaren helburuak dira joan den larunbatean Gaintxurizketan auto batek harrapatuta hil den txirrindularia omentzea eta agintarien atentzioa deitzea errepide-tarte horren gainean.

Topaguneak Errenteriko Zumardian eta Irun-Hondarribiko Zubimuxu biribilgunean izango dira, bika eguerdiko 12:00etan.

Elkarte antolatzaileek haien doluminak eman nahi izan dizkiete lehenik eta behin txirrindulariaren senide eta lagunei.

Halaber, salatu dute Gaintxurizketa inguruan lehenago ere honelakoak gertatu izan direla, eta hau azaldu dute: “Ez da kasualitatea; Irun eta Errenteria arteko bidea etengabeko arriskua da txirrindularientzat, puntu beltz bat. Ibilbide horretan abiadura handian dabiltza ibilgailuak, merkataritza-guneetarako sarbide garrantzitsuak daude eta auto eta kamioi ugari egunero, txirrindularientzako inolako babes aukerarik eskaini gabe”.

Era berean, elkarteek gogoratu dute urte asko daramazkitela “Gipuzkoako Foru Aldundiari Irun eta Errenteria lotuko dituen Bidegorri bat eraiki dezala eskatzen, erregutzen eta exijitzen”.

Gainera, zabaldu duten adierazpenean txirrindularien segurtasuna bermatzeko eskatu diete Ertzaintzari eta Trafiko Sailari, eta isuna jar diezaiela txirrindulariak aurreratzeko gorde behar duten arauzko distantzia errespetatzen ez duten auto-gidariei.