Errenterian Energia Berriztagarrien Komunitateak sortzeko prozesua azalduko du Udalak datorren asteazkenean

Saioa urtarrilaren 19an, 18:30etan antolatu du Udalak Reina Aretoan. Bertan, energia-komunitatea sortzeko prozesua zertan datzan eta Energia Berriztagarrien Komunitate baten ezaugarriak zeintzuk diren azalduko die herritarrei. Bilera irekia da eta herritarrak arlo honetan ahalduntzea du helburu.

Errenteriako Udalak herritarrak animatu nahi ditu ekimen honi buruzko informazioa jasotzera. Izan ere, Energia Berriztagarrien Komunitatea (EBK) sortzeko arrazoiak anitzak direla azpimarratu du:

  • Energiaren erabilpenak sortutako kutsadura murriztea.
  • Energia modu iraunkorrean eta pertsona guztiontzako berdintasunean eskuratzea.
  • Pertsonen, herri-eragileen eta erakundeen arteko elkarlana lortzea.

Zer da Energia Berriztagarrien Komunitatea?

Irabazi asmorik gabeko kontsumo eta zerbitzuen kooperatiba bat da, energia berriztagarrietan oinarritutako soluzioen garapena sustatzea xede duena. Horregatik, EBK batean adinez nagusi den edozein pertsona edo entitatek parte hartu dezake (enpresa, jabeen komunitatea, elkarteak, etab.).

Errenterian EBKak sortzeko onurak ugari badira ere, honakoei aipamen berezia egin die Udalak:

  • Errenteriako energia-kontsumoa eta kontsumo horri lotutako CO2 isurpenak murriztea, herritarron bizi-kalitatea hobetuz.
  • Nork bere energia-faktura murriztea: kontzientziazio- eta eraginkortasun-neurriak hartuz, energia berriztagarriak erabiliz, eta abar.
  • Energia-subiranotasuna sustatzea, erabakiak kooperatibako partaideen esku egonez eta ez enpresa handien esku.
  • Gizarte-kohesio handiagoa bultzatzea, eragileen artean berdintasunez autokudeatuz.
  • Tokiko ekonomia sustatzea, jarduera ekonomikoa izanik, energiaren arloan erabiltzen diren baliabideak Errenterian bertan geratzea baimenduz.