Kalitate handiko ikuskizunak hartuko dituzte Lekuona Fabrikak eta Niessen Kulturguneak otsaila eta martxoan

Lekuona Fabrikak eta Niessen Kulturguneak otsaila eta martxoan eskainiko duten arte eszenikoen programazioa aurkeztu dute gaur Maite Gartzia Kultura zinegotziak eta Iker Tolosa Kultura teknikariak. Kalitate handiko lanak ikusteko aukera izango dela esan dute eta egitaraua Udalak sorkuntzaren alde egiten duen apustuaren adibide dela.

Otsailaren 5ean Miquel Barcelona konpainiak ‘Rojos’ dantza pieza aurkeztuko du; Gerra Zibila pairatuzuen belaunaldiak bizitako gertakari dramatiko batzuen oroimena balioan jartzen duen pieza eszenikoa. Lan hau Udalak abian duen Legamia arte bizien sorkuntza eta mediaziorako egonaldi programan hautatutako ikuskizunetako bat da. Lekuona Fabrikan eskainiko dute 20:00etan.

La Gata Japonesa konpainiak ‘Los viajes de Bowa’ publiko familiarrarentzako ikuskizuna eskainiko du otsailaren 18an. Magia, oreka, aire akrobaziak, umorea eta poesia izango dira Bowaren lagunak bidaia honetan. Emanaldia 18:00etan hasiko da Niessen Kulturgunean.

Musikaren txanda otsailaren 19an iritsiko da Bulego boskote azkoitiarraren eskutik. Lekuona Fabrikan emango duten kontzertuan ‘Erdian oraina’ euren azken diskoa aurkeztuko dute. 20:00etan hasiko da.

Hurrengo egunean, hilaren 20an, Histrión Teatroren ‘La isla’ antzezlana ikusteko parada izango dute Niessen Kulturgunera bertaratzen direnak. Elkarri entzun gabe hitz egiten duen bikotearen istorioa kontatuko dute 19:00etan hasita.

Otsailaren 25ean Bettina Szabo dantzariak egonaldi irteerako emanaldia eskainiko du Niessen Kulturgunean. Dantzagunearekin elkarlanean programatutako saio honetan, Szabok ‘Parejas’ izeneko lanaren erakustaldia eskainiko du Dantzaz konpainiako dantzariekin batera Euskadi-Quebec egonaldiaren baitan.

Martxoaren 5ean Partekatuz proiektuaren ‘Emakumeok mugimenduan. Testimonios de migración’ antzezlana izango da Lekuona Fabrikan 20:00etan. Euren bizipen, desira eta beldurren gainetik Errenterian bizitzearen begirada kaleidoskopikoa eskainiko dute protagonistek.

Hurrengo hitzordua martxoaren 13an izango da. Ada Vilarók bular bakarrareko gorputzaren edertasuna azaleratuko du ‘360 gramos’ antzezlanarekin. Niessen Kulturgunean izango da 19:00etan.

Rap gau bat ere hartuko du Lekuona Fabrikak. Martxoaren 19an La Furia taldeak ‘Post morten’ izeneko disko berria aurkeztuko du. Gainera, Elvirus ere izango da oholtza gainean.

Amaitzeko, martxoaren 25ean, Xirriquiteula Teatre konpainiak ‘Laika’ ikuskizuna ekarriko du. Familiarteko publikoak Laika txakurrak Sputnik 2 espazio ontzian egindako bidaiaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango du.

Gainera, Atarian ekimenari esker, ‘Rojos’, ‘La isla’ eta ‘360 gramos’ ikuskizunen ostean, publikoak artistekin solasaldi bat izateko aukera izango du.

Lehen ikuskizunetarako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko sarrerak.errenteria.eus webgunean eta Lekuona Fabrikan. Gainera, ikuskizunaren egun eta aretoan bertan, ordubete lehenago leihatila irekiko dute sarrerak eskuratzeko, beti ere lehenago agortu ez badira. Gainontzeko emanaldietarako sarrerak, berriz, datozen egunotan aktibatu dituzte.

Helduentzako ikuskizunen sarrera 8 euroan eros daitezke eta familiei zuzendutako ikuskizunenak 3 euroan, emanaldi berezietan izan ezik; izan ere, badira aipatu prezioak baino merkeagoak diren diren emanaldiak. Gainera, Kultura txartelaren titularrek %20ko deskontua dute.

Ikuskizun guztien inguruko informazioa kultura.errenteria.eus webgunean topa dezakete interesdunek.