Udalak pagadi berriak sortuko ditu Añarbe herri-mendiko lurretan

Abenduan esleitu zuen Udalak Añarbeko herri-mendiko Igantzi eremuko pinudien mozketa, ondoren pagadi berriak sortzeko asmoz.

Honela, martxoaren 31a bitartean 12,20 hektarea moztuko dira. Ondoren, datorren neguan, Igantziko pagadi berriaren baso-birgaitze eta berreskurapen-lanak hasiko dira, Natura 2000 Sarean dagoen naturgune honetako basafauna babestua jasotzeko habitat berria prestatzeko asmoarekin: basakatua, ipurtatsa, orkatza, azkonarra, katajineta, muxar grisa, basurdea, aztorea, okil beltza, kukulumera, …

Igantziko eremuko egur-ustiategi exotikoak (larizio pinua, haritz amerikarra eta alertze japoniarra) duela zenbait hamarkada landatu ziren merkaturako egurra ekoizteko. Aiako Harriko Parke Naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) izendapenaren ondoren, honetaz onuradun diren bost udalerriok debekatuta dute egurra ekoizteko landaketa exotikoak garatzea, lursail horiek baso helduak sortzera bideratu behar baitira: hariztiak, pagadiak edo ameztiak. Prozesu natural hauek 200 edo 300 urte iraun dezakete, giza eskuhartzerik eragiten ez bada behintzat.