Udala Arramendi 3-5-7 zenbakietako bizilagunekin bildu da babestuak dauden etxebizitza hauen inguruko kezka dela eta.

Errenteriako Udaleko Gobernu Taldeko ordezkariak Arramendi pasealekuko 3, 5 eta 7 zenbakietako babes ofizialeko etxebizitzetako bizilagunekin bildu ziren otsailaren 2an. Bilera honek erantzuten dio Udalak eta bizilagunek alokairu babestu horien hurbileko etorkizunaren inguruan duten kezkari.

Ziurgabetasun horren arrazoia da apirilaren 16an amaituko dela Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Jaureguizar enpresa sustatzailearekin duela 15 urte sinatutako hitzarmena, eta horrek aukera ematen dio enpresari etxebizitzak salgai jartzeko.

Kontuan izan behar da etxebizitza horietan bizi diren familiek eta pertsonek etxebizitzetara sarbidea izan zutela Etxebiden etxebizitza-eskatzaile gisa; askok ezingo dute erosi, eta, beraz, haien etxeetatik kanpo geldi daitezke. Gainera, antzinatasuna galdu dute alokairu publikoko etxebizitzen eskatzaile gisa, eta, hortaz, zaila dute horietako bat eskuratzea.

Gainera, ezin dugu ahaztu Udalak bere garaian Eusko Jaurlaritzari utzi zion orube bat dela, babestutako etxebizitza eraiki zezan, eta Jaureguizar enpresak funts publikoak izan dituela etxebizitza horiek eraikitzeko. Beraz, ezin dute alde batera utzi familia horiek bizi duten egoera.

Bileran egoeraren berri eman zitzaien bizilagunei, zalantzak argitu ziren eta egoera zail horri aurre egiteko moduari buruz hitz egin zen.