Energia Berriztagarrien Komunitateko Talde Sustatzailea osatzeko bilera deitu du Udalak asteazkenerako

Errenteriako Udalak bilera antolatu du otsailaren 9an, 18:30etan, Reina Aretoan, Errenteriako Energia Berriztagarrien Komunitateko Talde Sustatzailea sortzeko eta herritar oro gonbidatzen du saioan parte hartzera.

Zer da Energia Berriztagarrien Komunitatea?

Irabazi asmorik gabeko kontsumo eta zerbitzuen kooperatiba bat da, energia berriztagarrietan oinarritutako soluzioen garapena sustatzea xede duena. Horregatik, EBK batean adinez nagusi den edozein pertsona edo entitatek parte hartu dezake (enpresa, jabeen komunitatea, elkarteak, etab.).

Errenterian EBK-ak sortzeko onurak ugari badira ere, honakoei aipamen berezia egin die Udalak:

  • Errenteriako energia-kontsumoa eta kontsumo horri lotutako CO2 isurpenak murriztea, herritarron bizi-kalitatea hobetuz.
  • Nork bere energia-faktura murriztea: kontzientziazio- eta eraginkortasun-neurriak hartuz, energia berriztagarriak erabiliz, eta abar.
  • Energia-subiranotasuna sustatzea, erabakiak kooperatibako partaideen esku egonez eta ez enpresa handien esku.
  • Gizarte-kohesio handiagoa bultzatzea, eragileen artean berdintasunez autogestionatuz.
  • Tokiko ekonomia sustatzea, jarduera ekonomikoa izanik, energiaren arloan erabiltzen diren baliabideak Errenterian bertan geratzea baimenduz.