Sarriegi Plaza berrurbanizatzeko lanak aurrera doaz

Isidro Ansorena garajeetako kontzesionarioek hainbat obra egin dituzte eraikinaren estalkia iragazgaizteko eta urik sar ez dadin. Obrak egin ahal izateko, gainean zegoen Sarriegi plaza osoa altxatu behar izan zen.

Garajeetako lanak amaitu ondoren, Udalak iazko irailean ekin zien plaza hori berrurbanizatzeko lanei. Obrak 363.744,94 euroan esleitu ziren.

Erritmo onean doaz lanak eta laster amaituko dira. Horien bidez, plazarako irisgarritasuna hobetuko da, berdeguneak handituko dira eta puntu ilunak kenduko dira.

Hiri-altzariak

Plazak hiru gune izango ditu; bat 0 eta 12 urte bitarteko haurrentzako izango da, haur-jolasekin; bigarren gune bat egongo da kirol anitzeko pistarekin, futbol-ateekin eta saskibaloiko saskiekin gazteentzat. Eta hirugarren gune bat, elkargune izatera bideratuagoa, adineko pertsonentzako tresna bioosasungarriak izango dituena.

Haurrentzako jokoen fabrikazioa eta instalazioa datozen egunetan kontratatuko dira, gehienez 99.535,57 euroko aurrekontuarekin, gehi BEZa, eta plazako obrak amaitu ondoren instalatuko dira.