Kirolak eta Joko Olinpikoak Errenteriako inauterian

Inauteri Batzordeak udazkenean heldu zion 2022ko inauterien gaineko lanketari. Pandemiaren eraginez ordutik honako egoera ezegonkorra izan den arren, aurten inauteriak ospatuko egingo direla jakinarazi berri dute.

Azken urteotan bezalaxe, oraingoan ere errenteriarrek izan dute inauterietako gaia erabakitzeko aukera eta hala, hori hautatzeko galdeketa jarri zuten martxan azaroan. Sei gai proposatu zituzten horretarako: kirolak eta Joko Olinpikoak, janaria, marrazki bizidunak, komikiak, mitologia eta artea.

Orain, inauteriak ospatzeko erabakia hartuta dagoenean, herritarrei jakinarazi nahi izan diete kirolak eta Jokok Olinpikoak izan dela bozka gehien jaso zituen gaia eta, beraz, herriko inauterien gaia. Herritarrei, tabernei, dendei… gaiaren inguruan mozorrotzeko deia zabaldu diete.

Ilusio handiarekin herritarren gozamenerako egitaraua osatzen ari direla jakinarazi dute: “Osasun egoera dela medio, inauterietan ohikoak ditugun ekintza batzuk gauzatzeko aukera izango ez dugun arren, beste hainbatez gozatzeko parada izango da otsailaren 18tik martxoaren 1era bitarte Katuko, Asteme eta Oilarqueen gure inauterietako pertsonaiekin batera”, esan dute.

Egun horietan, inauterietako desfileez gozatzeko, kirol-jolasetan aritzeko, photocallean argazkia ateratzeko edo tailer desberdinetan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek.

Gainera, jakinarazi dute jende pilaketak saihesteko hainbat ekintzetan aldaketak izango direla. Besteak beste, Herriko plazan ospatu ohi diren Azeri dantza, pregoia eta sardinaren ehorzketa Lehendakari Agirren izango dira; konpartsen aurkezpenak egun eta leku aldaketa izango du eta desfilearen ibilbidea luzatu egingo da…

Datorren astean egitarau osoaren berri emango dute herribizia.errenteria.eus webgunearen bidez.

Bukatzeko, herritar guztiei eskatu nahi izan diete egun hauek ilusioz bizi eta ekintzez gozatzeaz gain, osasuna zaintzeko babes-neurriak aintzat har ditzatela elkar zainduz gozatzen jarraitzeko.