Merkataritza eta Ostalaritzako Aholku Kontseilu berria formalizatu da

Gainerako kontseiluekin homologatzeko eta merkatarien, ostalaritzaren eta Udalaren artean egindako lanean sakontzen jarraitzeko formalizatu da.

2019an, merkataritza eta ostalaritzako mahaia jarri zuten abian Errenteriako Udalak, Errenkoaldek, Errenteriako Merkatuko Merkatarien Elkarteak (EMKT), Ostari elkarteak, merkatari independenteen talde batek eta Oarsoaldea Garapen Agentziak. Lanerako eremu gisa sortu zen mahai hori, eta funtsezkoa izan da, Errenteriako Merkataritza Berrindartzeko Plan Berezia (PERCO) kudeatu eta gobernatzeari begira.

Pandemian zehar, lankidetza estuan aritu ziren taldekideak, suspertze sozioekonomikorako Talka Planean jasotako zenbait neurri zehaztu eta abiarazteko; esaterako, nabarmentzekoak dira tokiko kontsumorako bonuen kanpainak, mikroenpresak babesteko dirulaguntzak edo ostalaritzarako dirulaguntzak.

Formalizatzeak ez du bere lan-dinamika aldatuko, baina hasieratik begi onez ikusi da Udalak, elkarte-sareak eta herritarrek elkarrekin lan egiteko udalerrian dituzten gainerako guneekin homologatzea eta udal-aholku kontseilu bihurtzea. Horrela, kontseilua eratzeko helburuak, funtzionamendua eta osaera definitu zituzten iaz erregelamendu batean.

Udalbatzan onartu eta orain administrazio tramitazioa amaitu ondoren, aholku kontseilu berri hau eratu da, eta gainerako kontseiluen maila juridiko bera izango du, merkataritzako eta ostalaritzako eragileen eskaerari erantzunez.

Gaur egun, 12 dira Udalak dituen aholku kontseiluak; bakoitzak bere ezaugarri berezi eta dinamika propioak ditu, baina guztiak dira funtsezkoak Udalaren kudeaketa eta gobernantza parte-hartzailearen eredua ezartzeko.

Gune horiek, formalki aholku-emaileak, baina borondate politikoagatik deliberazio-izaera argia dutenak, gune interesgarriak izan ohi dira gai estrategikoak eragileekin eta herritarrekin jorratzeko, eta era berean, gardentasunerako bide ematen dute erakundeen jardunean.