Kalebuelta eta kontzertuek herriko kaleak girotuko dituzte instrumentu tradizionalen eskutik

Musika herrikoi edo tradizionaletan ardazturiko kalebueltak eta zenbait kontzertu burutuko ditu Herri Arte Eskolak ikasturtea amaitu bitartean kale presentzia handitu, herria girotu eta ikasleei gozatzeko ikasketa-testuinguru bat gehiago eskaini nahirik. Ikasturte honetako alboka eta dultzaina eskaintza berriak aukera honetarako egokiera indartu du. Era honetan, udal txistularien dianez gain, trikitixa, txistua, txalaparta, eta aipaturiko alboka eta dultzaina taldeen eskutik herriko auzo eta kale ezberdinak alaituko dira. Kontzertuetan, gainera, beste instrumentu eta arte adierazpideetako ikasle gonbidatuak ere arituko dira egitarauaren arabera.

Ekimen honetaz gain, herriko beste hainbat eragilek antolaturiko ospakizunetan ere soinu-aberastasuna handitu nahi da (Euskararen Eguna, Olentzero, Kabalgata, Muxikoak, Kantujira…), eta bertso-eskola, herriko dantza talde eta elkarte ehunarekin ere ekintzak sustatu nahi dira.

Otsailean albokariak aterako dira lehenik, eta azken egunetan udal txistulari eta euskal dantzako ikasleen eskutik inauteri kutsu erabatekoa izango du.

Martxoaren 4an Alboka Kontzertua eskainiko da Olaskoaga plazan txalaparta eta dantza urbano eta garaikideko ikasleen laguntzaz, martxoaren 20an trikitixa kalebuelta egingo da, martxoaren 25ean Dultzaina eta Trikitixa Kontzertua eta martxoaren 27an txistu ikasleen txanda izango da. Aurreragoko datak sare-sozialen bidez iragarriko dira.