Udalak hobekuntza lanak egin ditu bizikleta bideen udal sareko hainbat puntutan

Errenteriako Udalak hainbat jarduera burutu ditu oinezkoen eta bizikleta-erabiltzaileen arteko harremana hobetzeko. Zehazki, honako hiru jarduera gauzatu dira:

1. Pasaiako saihesbidearen biribilguneko irteera Kaputxinoak auzoarekin lotzeko tartea:

Kaputxinoak auzora sartzerakoan eta handik irteterakoan ibilgailuen abiadura handia dela ikusita, bi bideak estutu dira, gehienez ere 30 km/h-ko abiaduran joan daitezen. Horretaz gain, jarduera honetan semaforo honetako zebra-bidea eta txirrinduen bidea zabaltzeko aprobetxatu da. Modu honetan, bizikleta-erabiltzaileek semaforoaren ondoan horizontalean zain egoteko aukera izango dute eta ez, orain arte bezala, inklinatuta.

2. Nafarroa Hiribideko 75-73 zenbakien pareko autobus-markesinaren atzealdea:

Puntu honetan, autobusetik jaisterakoan txirrindu-bidea zeharkatzen duen jendearen arazoa konpondu nahi izan da. Horretarako, dagoen bidegorria moztu da, berau zeharkatzeko lehentasuna oinezkoek izango duten pasabide bat sortuz. Horrekin batera, txirrindu-bideko aglomeratu gorria altxatu da eta tarte osoa aglomeratu gorriz asfaltatu da berriro.

3. Nafarroa Hiribideko Lehendakari Agirre plazaren pareko autobus-markesinaren atzealdea:

Txirrindu-bideko puntu honetan galtzadarria berriz bete da, bizikletarekin ibiltzea erosoagoa izan dadin. Ondoren, txirrindu-bidea bera margotu da oinezkoentzako pasabidearekin eta beharrezko seinale horizontalekin.