Erakunde adierazpena, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 46. urteurrena dela eta

Otsailaren 25ean, ostirala, onartutako adierazpen instituzionala:

2022ko otsailaren 27an, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zeneko berrogeita seigarren urteurrena ospatuko du Saharako herriak. 46 urte dira Mendebaldeko Sahara okupatu zutela eta Saharako herriaren borroka hasi zela. Hala ere, egoera ez da konpondu oraindik, eta giza eskubideak urratu egiten zaizkie hala lurralde okupatuetan bizi direnei nola Tindufeko errefuxiatu‐kanpamenduetan bizi direnei, Marokoren okupaziopean edo babes-kanpamenduetan bizitzera behartuta daude eta.

Duela ia bi urte eta erdi, NBEko idazkari nagusiaren mandatari pertsonalak dimisioa eman zuen, eta, 2021eko azaroaren 1ean, Staffan de Mistura italosuitzar diplomatikoa izendatu zuten mandatari pertsonal. 2022ko urtarrilean, Staffan de Mistura eskualdean barrena ibili da, Fronte Polisarioaren eta Marokoren arteko bake‐prozesua suspertzeko asmoz.

Babesten ditugu Marokoko Erresumak eta Fronte Polisarioak, hau da, Mendebaldeko Saharan 1975az geroztik dagoen gatazkaren bi alderdiek berriz ere negoziazioei ekiteko De Mistura jaunak egin dituen ahaleginak. Tamalez, ezin izan dut bisitatu lurralde ezautonomoa, Marokoko Erresumak okupatua. Hain zuzen ere, lurralde hori guztiz blokeatuta dago 2015etik, eta ezin da han ikuskaritza independenterik egin, ezta NBEko Giza Eskubideen aldeko Goi Komisarioaren Bulegoak ere.

Jakina da Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan sahararren giza eskubideak zaintzea ez dela oraindik MINURSO Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioaren ardura. Gainera, su-etenaren akordioa amaitu denez, guztiz kezkagarria da sahararrek Marokoren okupazioaren pean bizi duten egoera, hura gogortu egin da eta.

Izan ere, Mendebaldeko Saharan giza eskubideen urraketak ez du etenik izan 1975etik. Baina 2020ko azaroaren 13tik aurrera, 29 urtez indarrean egon zen su‐etena bertan behera geratu ondoren, Marokoren okupazio‐indarrek areagotu egin dute hango presentzia militar eta paramilitarra. Horren ondorioz, ugaritu egin dira sahararren oinarrizko eskubideen urraketak, eta izugarri okertu da haien egoera. Bizilekuak bortxatu egiten dituzte, eta bertako biztanleak atzitzen, mehatxatzen, atxilotzen eta torturatzen. Zenbait auzo, oso‐osorik, benetako ghetto bihurtu dira, eta Marokoko indarren etengabeko zaintzapean daude.

Haien helburu nagusia giza eskubideen defendatzaileak eta okupazio‐indarren aurkako disidentzia‐ahotsak izan dira, zergatik eta haien herriak autodeterminaziorako eta independentziarako duen eskubide legitimoa, Nazio Batuek aitortua, defendatzeagatik.

Bestalde, Europar Batasunak eta Marokok arrantzarako duten akordioari dagokionez, Europako Justizia Auzitegiaren epaia funtsezko aurrerapausoa izan zen. Epai horrek zioen ez Europar Batasunak, ez haren estatu kideek, ez eta, oro har, NBEk ere, ez dutela onartzen Marokoko Erresumak Mendebaldeko Sahararen gainean duen subiranotasuna. Oso une konplexua da hau: arrisku larrian dago EBrentzat estrategikoa den eskualde baten egonkortasuna; Saharako herriaren eta Fronte Polisarioaren pazientzia ahuldu nahi dute, eta egitate burutuen politika ezarri, hori Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiaren aurka badoa ere.

Gaur hasiko den zikloan, gertaera horiek ezin dira zigorrik gabe utzi, nazioarteko zuzenbidearen urraketen aurrean ezer ez eginda eta potentzia okupatzailearekin lankidetza politiko eta ekonomikoan jardunda. Administrazio inplikatuei gatazkan duten erantzukizunari aurre egiteko eskatu behar zaie.

Hori dela eta, sinatzen duten taldeek erakunde adierazpen hau aurkezten dute:

Errenteriako Udalak adierazten du Mendebaldeko Sahara lurralde ez‐autonomo bat dela, nazioarteko zuzenbidearen mende dagoena eta Marokoko Erresumaren parte inoiz izan ez dena. Horregatik, Mendebaldeko Sahararen legez kanpoko okupazioa amaitzeko eta Saharako herriari autodeterminazio eskubidea erabiltzen uzteko eskatzen dugu.

Errenteriako Udalak exijitzen du Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan giza eskubideak zorrotz errespetatzea eta bertan behera uztea sahararrek jasaten dituzten eskubide-urraketak.

Errenteriako Udalak salatu egiten du Mendebaldeko Saharan gertatzen ari den espoliazioa, arokoko Gobernua baliabide naturalak ebasten ari baita, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako epaiak gorabehera.

Errenteriako Udalak hertsatuki eskatzen die Nazio Batuei luzamendu gehiagorik gabe susta dezatela Mendebaldeko Saharako gatazka amaitzeko konponbide bidezko eta behin betiko bat. Konponbide hori erdiesteko,nahitaez utzi behar zaio Saharako herriari autodeterminazio-eskubidea erreferendum bidez baliatzen.

Errenteriako Udalak kezka adierazten du Saharako errefuxiatu‐kanpalekuetan dagoen egoera humanitario larriaren aurrean eta euskal erakunde publikoei eskatzen die jarrai dezatela laguntza solidarioa eta humanitarioa ematen, bai Tindufeko kanpamenduetako errefuxiatuentzat, bai lurralde okupatuetako sahararrentzat.

Errenteriako Udalak esker ona adierazi nahi die saharar herriaren adiskidetasunaren alde egunero elkartasunean eta gizartean lan egiten duten elkarte eta talde solidarioei, haien helburu bakarra saharar herri senidearentzat etorkizun aske bat lortzea baita. Aldi berean, Oporrak Bakean haurren harrera-programan parte hartzen duten familien funtsezko garrantzia aitortzen du.

Errenteria, 2022eko otsailaren 25a