Udalerriaren irisgarritasun plana eguneratzeari ekin dio Errenteriako Udalak

Errenteriako Udala Udalerriko Irisgarritasun Plana eguneratzen hasi da. Une honetan, inkesta bat Internet bidez betetzeko eskatu die herritarrei, diagnostikoa osatzeko helburuarekin.

Plan horrek Errenteriako irisgarritasunaren egoera ebaluatuko du, bai eta udalerriko irisgarritasunaren arloko jarduketa garrantzitsuenak ere, hiri-inguruneak, espazio publikoak, udal-eraikinak, garraio publikoa eta informazio-sistemak pixkanaka egokitzeko.

Udalaren lehen irisgarritasun-plana 2003. urtean egin zen, eta 2011. urtean berrikusi zen Errenteriako auzo guztietara begirada zabaltzeko, igogailu eta ibilbide irisgarrietatik abiatuta zati altuenekiko konexioa hobetzearen alde eginez.

Azken hamar urte hauetan honako hiri-igogailu hauek garatu dira: Apeadero kaleko igogailua, Parke-Urdaburuko bi igogailuak, Basanoaga-Sorgintzuloko bi igogailuak, Ramon Maria Azkue-Markolako igogailua, Alabergako bi igogailu, Urdaburu-Jaizkibelgo igogailua, Beraun-Jesus Guridiren bi igogailuak. Gainera, arrapalak egin dira gune hauetan: Zabaleta Anaiak, Urdaburu kalea 1, Jaizkibel kalea 10 eta 12 zenbakiak, Miguel Zabaleta 21 eta 23, Santa Klara 26 eta 28, Uztargi haur-eskola, Markola ikastetxea eta abar.

Planaren garapen-maila handia dela eta, beharrezkoa izan da plana berrikustea, egindako jardueren emaitzak ebaluatuz, jarduketa berriak proposatuz eta daudenak berrikusiz.

Gaur egun, hiri-ingurunea eta erabilera publikoko eraikinak aztertzeko lan bat egiten ari da Udala. Programa hori gauzatzen ari da, bai teknikari espezializatuek udalerria zuzenean behatuta, bai hainbat elkarrizketa eta kontraste eginda, besteak beste, erretiratuen elkarteekin, familia gazteekin eta kirol egokituko elkarteekin.

Diagnostiko hori auzotarrek emandako informazioarekin osatuko da, zailtasunak eta hobetzeko puntuak nabarmenduko dituztela.

Horretarako, Udalak www.errenteria.eus/galdetegiak webgunean herritar guztientzako inkesta ireki bat prestatu du gaur bertan eta datozen zazpi egunetan bete ahal izango da, hau da, martxoaren 8ra arte.

Bestela ere, irisgarritasun planarekin zerikusia duen edozein ekarpen egiteko partaidetza@errenteria.eus posta helbidea ere balia daiteke.

Gorago zehaztu den moduan, bide telematikoaz gain, irisgarritasun-gaiekiko sentikorrak diren pertsonen eta kolektiboen ikuspegia jasoko du prozesuak.
Diagnostikoaren ondoren, plana bigarren fase propositibo batekin osatuko da, eta herritarren parte-hartzea ere barne hartuta, dokumentu hori osatuko duten etorkizuneko ekintzak jasoko ditu.