Errenteriako Udalaren adierazpen instituzionala Emakumeen Nazioarteko Egunean

Aurten ere, martxoaren 8 honetan, emakumeei historikoki kendu zaizkien eskubideak lortzeko egindako borroka anitzen esanahia gogora ekarri eta aldarrikatu nahi dugu. Borroka horiek, zalantzarik gabe, emakumeen bizitzako hainbat arlotan aurrerapen handiak lortzen lagundu dute, eta emakumeen elkarteen eta mugimendu feministaren ekarpenik gabe ez ziratekeen posible izango. Norbanakoen, kolektiboen eta erakundeen arteko elkarlana da, nork bere eragin-eremutik abiatuta, indarrak batuz eta estrategiak partekatuz helburu bera izanik jomuga: emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzea. Gaur egun ere, bide luzea dugu egiteko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorra lortzeko, eta, horregatik, ezinbestekoa da emakumeen eguna aldarrikatzen jarraitzea.

Arrazoi horiek tarteko, egun honen testuinguruan, Errenteriako Udalak honako konpromisoak hartzen ditu:

1) Tokiko arauak arian-arian artikulatzea berdintasun-politikak garatzeko, eta udal-jarduera osoan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzeko neurriak hartzen jarraitzea. Zehazki, III. Berdintasun Plana onartzea.

2) Indarkeria matxistaren biktimei arreta erreparatzailea eskaintze bidean urratsak ematen jarraitzea, Udalaren baliabide guztiak pertsona hauen mesedetara jarriaz eta doako zerbitzu erreparatzaileetan sakonduz.

3) Errenteriako emakumeek egindako ekarpenak balorean jartzen jarraitzea, memoria historikoa berreskuratuz, Mariasun Landa sariketen gisakoak sustatuz.

4) Errenteriako emakumeei ahalduntzeko programak eta ekimenak garatzeko espazioak eta baliabideak eskaintzen jarraitzea, Eskola Feministaren eskaintzan sakonduz eta Emakumeen Etxeko programazioa indartuz.

5) Errenteriako emakumeen topagune eta elkargune izango diren espazio erreferenteak sustatzea, Emakumeen Etxea kasu.

6) Errenteriako talde feminista eta emakume elkarteekin etengabeko komunikazioan jardutea, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko, Berdintasunerako Aholku Kontseilua horretarako baliatuz.

7) Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskal Udalen Sarearen – Berdinsarea – parte izanik, indarrak batzea eta tokiko gobernuek elkarrekin jardutea berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako politikak, programak eta zerbitzuak bultzatzeko, indartzeko, koordinatzeko eta ebaluatzeko.

Bukatzeko, Errenteriako Udalak herritar guztiei dei egiten die martxoaren 8an arratsaldeko 19:00etan Mugimendu Feministak deitutako kontzentrazioan parte hartzera.