Barandiaran Parkearen lurzoruaren kalitatea aztertzeko eta indusketa-plana zehazteko zundaketak hasiko dira

Barandiaran parkearen proiektua aurrera doa. Datozen egunetan hasiko dira zundaketak, lurzorua aztertzeko eta indusketa-plan bat idazteko.
Parkea eraikiko den lursailak, Eusko Jaurlaritzaren lurzoru kutsatuen inbentarioan jasotzen den bezala, kutsagarriak izan daitezkeen industria-jarduerak izan zituen.

Kutsadura-maila eta guneko banaketa zehazteko eta nola kudeatuko den aztertzeko, hainbat lagin eta/edo zundaketa mekaniko egin behar dira.
Indusketa-planak, bestalde, lurzoruaren analisia eta Barandiaran parkearen aurreproiektua kontuan hartzeaz gain, egungo lurra nola hondeatu eta birmoldatu beharko den zehaztuko du.

Lan horiek beharrezkoak dira egikaritze-proiektua egin ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren baimena izan behar dute eta.

Errenteriako Udalak Limia & Martin enpresa kontratatu du horretarako, mota honetako azterlanetarako akreditazioa duen erakundea.

Karakterizazio-lanen zenbatekoa 18.134,09 €-koa da, BEZa barne.

Barandiaran parkea, gero eta gertuago

Udala beharrezko pausoak ematen ari da parkearen eraikuntza arintzeko.

Iaz parkearen diseinu zehatzagoa eta eguneratuagoa landu zen, eta herritarrekin partekatu zen udalaren web orriaren eta Pontika auzoan egin zen erakusketa publiko baten bidez.

Gamongoa eremuko Plan Orokorraren Aldaketa 2022ko urtarrilean onartu zen behin betiko. Horri esker, Pekin erreka azaleratzeko proiektuaren idazketa bizkortu da, etorkizuneko Barandiaran parkearen ardatz nagusietako bat.

Parkea eraiki ahal izateko, beharrezkoa da gaur egungo lur gaineko aparkalekuak kentzea. Horregatik, Pontikako aparkalekuen eraikin berria egiteko proiektua ere landu da. Eraikin honek 180 aparkaleku izango ditu gutxi gorabehera, eta gaur egun Udala lanean ari da obren lizitazio prozesuarekin hasteko.

Lurzoruaren kalitateari buruzko azterlana eta hondeaketa-plana egitea erabakigarria izango da Eusko Jaurlaritzaren baimena lortzeko lurzoru kutsatuen arloan, baina, gainera, ezinbestekoak izango dira parkea egikaritzeko proiektua egiteko.