Ura Agentzia Oiartzun ibaiaren hobekuntza- eta birnaturalizazio-lanak burutzen ari da Fanderian

Fanderia eta Lartzabal auzoetako Oiartzun ibaiaren birnaturalizazio egitasmoaren baitan, Fanderiako ibai meandroaren kontserbazio- eta egonkortze-lanak garatu ditu URA Agentziak martxoan. Izan ere, iragan abenduan jazotako ur-goraldiengatik ibai-eremu hau kaltetuta zegoen. URA Uraren Euskal Agentziak eta Errenteriako Udalak sustatuta ekimena da hau, azken honek idatzi eta onartutako Oiartzun Ibaiko Paisaiaren Ekintza Planean (2016-2025) jasota dagoena.

Egitasmoak ibai-ekosistema honen bioaniztasun maila handitzea aurreikusten du ekintza ezberdinen bidez: faunarentzako hezeguneen eraikuntza, landaketak, haltzadi atlantiarraren berreskurapena, hegaztientzako eta saguzarrentzako kabi-kutxak jartzea, paisaiaren hobekuntzak, …

Oraingo honetan URA hainbat ekimen burutzen ari da: baso landaketak, meandroko urmaelean txakurrak ez sartzeko babes-itxitura ezartzea, ibai bazterra babesten duen egurrezko egitura indartzea eta flora exotiko inbaditzailearen populazioak ezabatzea.