Herritarren errentan oinarritutako fiskalitate justuago bat proposatu du Udalak

Gardentasuna | Udal komunikabidea 2022-03-25 | 0

  •  Ekitatean eta justizia sozialean oinarritzen den proposamen honen bitartez hainbat udal zerbitzu ordaintzeko norberaren gaitasun ekonomikoa hartuko da erreferentzia gisa
  • Errenteriako Udalak herritarren errentan oinarritutako fiskalitate justuago baten planteamendua eramango du apirileko udalbatzara
  • Lehenengo fase honetan, 2022-2023 ikasturteari begira aplikatuko da hainbat udal zerbitzu publikotan
  • Politika honen helburu nagusia da Udal Zerbitzu Publikoak denentzat irisgarri egitea eta gaitasun ekonomikoak inor kanpoan ez uztea

2019-2023 Agintaldi Planean progresibitatean sakonduko duen zerga politika garatzea jasotzen da. Hau da, herritar bakoitzak duen errenta mailaren arabera ordaintzea Udaleko zerbitzu ezberdinak.

Errenteriako biztanleen egoera sozioekonomikoaren azterketa egin ostean, eta batez ere emakume, errenta baxutako pertsona eta familiek eta helduek duten errealitatea ikusi ostean garatu dute proposamena.

Horrela, Udalak eskumena duen hainbat zerbitzutako tasa eta prezio publikoetan erabilpenagatik ordaindu beharrean, gaitasun ekonomikoaren arabera zehaztea proposatzen du planteamendua justuagoa bilakatuz.

Lehenengo fase honetan hauek dira eragindako zerbitzu publikoak: Herri Arte Eskola, Udal Euskaltegia, Xenpelar Tailerrak, haur eskolako jangela, Ludoteka zerbitzua, Udako Oporrak eta Familia Gunea.

Tasa eta prezio publikoen zenbatekoa

Modu orokorrean proposamenean hurrengo parametroak hartuko dituzte kontuan irizpide nagusi gisa Ordenantza Fiskalen baitan:

Alde batetik egoera zaurgarrienetan dauden herritarrek udal zerbitzu publikoak baliatzea lortu nahi da, eta horretarako RGIa edo larrialdi laguntzak jasotzen dituzten edo langabezian daudenek zero euro ordainduko dute.

Bestetik, norberaren errenten arabera tarte hauek ezarri dituzte:

• Errenteriako emakume adin nagusien errentaren batezbestekotik behera badago, hau da, 13.780 eurotik behera: dohainik.

• Errenteriako adin nagusien errentaren batezbestekotik behera, hots, 19.850 eurotik behera: %35a.

• Errenteriako adin nagusien errentaren 70 pertzentiletik behera, hots, 25.930 eurotik behera: %75

• 25.930 eurotik goragoko errentak: %100

Dena den kenkariak egon daitezke, zenbait parametroen arabera: familia guraso bakarrekoak, etxebizitza berean erroldatutako 25 urtetik beherako sema-alabako, desgaitasun kasuetan, zaintza partekatutako kasuetan…

Hobariak aplikatzerakoan, eskatzaileen ondarea ere kontuan hartuko da.

No comments yet.

Utzi erantzuna