Herriko ikastetxeak bisitatu dituzte hainbat herrialdetako ordezkariek hizkuntza gutxituen inguruko bizipenak partekatzeko

Herriko ikastetxeetako DBH 3. mailako ikasleak hizkuntza gutxituen lanketa egiten ari dira, kulturarteko programaren baitan, Garabide elkartearen eskutik eta Udalak lagunduta.

Lanketa horren barruan, aste honetan zenbait herrialdetako ordezkari indigenak herriko ikastetxeetan egon dira eta ikasleekin hizkuntzen inguruko bizipenak partekatzeko aukera izan dute. Hain zuzen ere, hauek dira Errenterian egon diren ordezkarien herrialdeak eta hizkuntzak:

Mexikoko hizkuntzak: nawat, tutunaku, Yucatango maia

El Salvadorreko hizkuntza: nawat pipil

Guatemalako hizkuntza: quiché

Kolonbiako hizkuntza: nasa yuwe

Ekuadorreko hizkuntza: kichwa

Boliviako hizkuntzak: guarani eta quechua

Peruko hizkuntza: quechua

Txileko hizkuntza: mapuzugun

Ipar Afrikako hizkuntza (Marruekos, Melilla eta Kabilia (Argelia): tamazigh

Aste honetan egin diren saio hauek urte osoko prozesu baten parte dira. Aurretik, azaro eta abenduan Garabide elkarteko kideek hitzaldiak antolatu zituzten ikasleekin. Bertan hizkuntzen aniztasunaren garrantziaren inguruan aritu ziren eta, besteak beste, munduan zer gertatzen ari den eta zergatik ari diren hizkuntzak galtzen aztertu zuten. Errenteriako hizkuntzen aniztasuna ere landu zuten. Ondoren, aurtengo otsailean, Garabidek sortutako dokumental bat landu zuten ikasleek gelan, ‘Beltzean mintzo’, 2011 urtean etorritako ordezkari indigenen testigantzak jasotzen dituena. Aste honetan herriko DBH 3. mailako geletan hitzaldiak eman dituzte ordezkari indigenek eta bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte ikasleek beste hizkuntza gutxiagotu batzuen testigantzak. Azken ekintza ekainean izango da; inkesta bat egingo dute ikastetxe guztietan DBH 3ko hizkuntza paisaia zein den ezagutzeko.

Ikastetxeetako bisita horiek martxan jartzeko indigenen ordezkariek Euskal Herrian egiten ari diren egonaldia baliatu da, ‘Hizkuntzak Biziberritzeko Estrategien Lankidetza Sarea’ programaren barruan, funtsean hizkuntzak biziberritzeko estrategien inguruko formazio bat da 12 hizkuntza komunitate ezberdinekin. Programa horrek bi hilabeteko online zati bat izan du eta orain aurrez aurreko zatia egiten ari dira. Bertan, Garabideko egoitzan hainbat saio egiteaz gain, euskara biziberritzeko funtsezkoak izan diren hainbat erakunde bisitatzen ari dira, hala nola Euskaltzaindia, Diputazioa, Udalak, ikastolak, eskola publikoak, komunikabideak, etab.