Oarsoaldeko udalek errenta aitorpena euskaraz egitera deitu dituzte zergadunak

  • Bi lagunentzako otordu bana zozkatuko dute Oarsoaldeko herri bakoitzean errenta aitorpena euskaraz egiten duten zergadunen artean

2021eko errenta aitortzeko epearen irekiera dela eta (2022/04/04tik 2022/06/30era), Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalek dei egin diete Oarsoaldeko zergadun guztiei errenta aitorpena euskaraz egiteko eta, bidenabar, ogasunarekin harremana euskaraz izatera animatu dituzte herritarrak.

Errenta aitorpena euskaraz egiteko, Gipuzkoako Foru Ogasunetik bidalitako autolikidazio proposamena onartzeko orduan euskaraz egin daiteke, baita aitorpena internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egiten denean ere euskaraz egin nahi dela hautatuz nahiz langileari adieraziz. Bestalde, errenta aitorpena egiteko gestoria bat erabiltzen bada, errenta aitorpena euskaraz egin eta Ogasunarekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea adieraztea ere garrantzitsua da.

Errenta aitorpena euskaraz egitea urrats bat gehiago da ogasunarekin eta, azken batean, administrazio publikoarekin harremana euskaraz izateko bidean. Zorionez, urtez urte gero eta gehiago dira errenta euskaraz egiten duten Oarsoaldeko herritarrak eta administrazio publikoekin euskaraz egitea erabakitzen duten herritarrak.

Oarsoaldeko lau udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, bi lagunentzako otordu bana zozkatuko dute herri bakoitzean errenta aitorpena euskaraz egiten duten zergadunen artean. Zozketan parte hartzeko hiru bide izango dira aukeran: whatsapp bidez zabalduko den drive bateko formularioa betetzea, www.oarsoarrak.eus webeko formularioa betetzea edota leku publikoetan jarriko diren boletoak bete eta entregatzea.