Errenteriako hizkuntza aniztasunaren mapa aurkeztu dute

Ezkerretik eskuinera: Jose Ramon Gurrutxaga (Txokolo), Kultura Aniztasunaren, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren zinegotzia; Belen Uranga, Soziolinguistika Klusterreko teknikaria; eta Itziar Ostolaza, Udal Hizkuntza Politika zinegotzia

Errenteriako Udalak, hizkuntza aniztasuna herriko aberastasuna dela jakinik, herrian hizkuntza horiek nola hedatzen diren jakiteko, herriko hizkuntza aniztasunaren mapa osatzea erabaki zuen 2021ean. Hori egiteko Sozioinguistika Klusterrari eskatu zion laguntza. Egitasmo honen helburua da hizkuntza aniztasunaren kudeaketa egokia egiteko lagungarri izango den ezagutzan sakontzea.

Gaur egungo azterketek euskarari eta gaztelaniari egiten diote erreferentzia, baina ez dira kontuan hartzen gainerako hizkuntzak, ez baitago datuak jasotzeko protokolo zehatz eta formalik. Hori dela eta, Hizkuntzen Aniztasunaren Mapa hau osatzeko Errenteriako biztanleriaren jatorriaren azterketa egin da, udalerriaren erroldan izena eman dutenen datuak kontuan hartuta. Beraz, jatorriaren araberako azterketa bat da hau, hipotesi-mailan hizkuntza-errealitatera hurbiltzeko lagungarri izango dena.

Horrela, datu esanguratsuak eskuratu dira. Esaterako, jatorri atzerritarreko biztanleriaren %87 20 jatorri estatutatik dator, eta horietako hamar hizkuntzek baino gehiagok 50 hiztun baino gehiago dituzte Errenterian. Baina, bestalde, badira beste 65 jatorri-estatutako hiztunak, biztanleria migratzailearen %12,9.

Eta horiek kontuan hartuta, 70 hizkuntza inguruk dute presentzia Errenterian.
Gainera, hizkuntza aniztasunaz gain, hiztun komunitate handienek Errenteriako auzoetan hartzen duten kokapena ere aztertu da.

Azterketa hauekin, hizkuntza guztiei aitortza egin nahi zaie eta euskara erdigunean dugularik bizikidetza linguistiko egoki batean sakondu nahi da.

Hemen ikus dezakezu txosten osoa.