ADIFen trenbide-zabalera egokitzeko obrek eragina izango dute Errenterian

Adifek apirilaren 19an, asteartea, hasiko ditu Errenterian Astigarraga eta Irun arteko trenbidearen zabalera egokitzeko lanak. Lanak bi fasetan egingo dira eta eragina izango dute herriko gune ezberdinetan.

Lehenengo fasea Nafarroa etorbidean egingo da, Gabierrota auzoan, eta aurtengo abuztura arte irautea aurreikusten da.

Fase honetan horma bat eraikiko da ADIFen lur-eremuan trenbidea handitzeko. Horretarako, lur horietan dagoen landaredia kentzea aurreikusi da. Ekintza hori apirilaren 22tik 23rako gauean egingo da, eta trafikoa eten egin beharko da Nafarroa etorbidean, bi noranzkoetan.

Horma eraikitzen den bitartean, eta ibilgailuak Errenteriara bide nagusi horretatik sartu eta irten ahal daitezen, gutxi gorabehera Gabierrota pasealekuaren erditik Lartzabaleraino dauden lineako aparkalekuak desgaitu beharko dira. Baterian dauden aparkalekuak, aldiz, mantendu egingo dira.

Gabierrotako biribilgunetik gertu trenbideak gurutzatzen dituen zubiaren sarbidearen ondoan dauden 5 plaza inguru ere kenduko dira.

Udalak Gabierrotako Laguntasuna Auzo Elkartearekin bilera egin du afekzio hauen berri emateko.

Errenterian egingo diren obren bigarren fasea 2023 eta 2024 artean gauzatuko da Pasaiako portuarekin udal-mugan.