Haurrengan “sormenaren taupada” pizteko ekimen aitzindaria abian jarriko dute Lekuona Fabrikan

  • Diziplina ezberdinetako artistekin elkarlanean arituko dira Lehen Hezkuntzako 4-6. mailetako gaztetxoak, Filosofiaren Plazan
  • Apirilaren 29tik ekainaren 17ra izango dira saioak, ostiraletan, eta izen-ematea zabalik dago sarrerak.errenteria.eus-en

Teorian sormena miresten duen gizarte honetan, sarritan haurrei ez zaizkie eskaintzen sortzaile sena garatzeko beharrezkoak dituzten testuingurua, denbora eta laguntza. Paradoxa horri aurre egin nahian eta 9-12 urteko herritarrei euren sormenaren taupada deskubritzen edo sustatzen laguntzeko, pentsamendu filosofikoa eta artea bat egiten dituen proiektua jaio da Errenteriako Lekuona Fabrikan. Hainbat hilabetez luzatu den prozesuaren ostean, apirilaren 29an abiatuko da Filosofiaren Plaza egitasmoa. Egun horretan egingo da diseinatu diren zortzi saioetan lehenengoa.

Haur talde finkoa eratuko da eta astero izango dute hitzordua parte-hartzaileek. 17.30etik 19.00etara elkartuko dira Lekuonako Plaza Horian, non astero diziplina bat ezagutzeko aukera izango duten, sortzaile ezberdinen eskutik. Antzerkia, musika, margolaritza, jostailuen diseinua, literatura eta ipuin kontalaritzaren esparruak inguratzen dituzten prozesuak, aurrekariak, zergatiak eta produktuak aurkeztuko dizkiete, besteak beste, herriko hainbat profesionalek. Hortik abiatuta, elkarrizketa filosofikoan arituko dira, proiektua sortu duen Jakinmin elkarteko kide bat bidelagun dutela. Horrela bada, gaztetxoek kreatibitatearen inguruko hausnarketa propioa egin ahal izango dute.

Saio bakoitzaren bigarren zatian, berriz, sortzeko aukera izango dute haurrek. Diziplina ezberdinekin lotutako materialak izango dituzte eta, askatasunez, sormen propioarekin esperimentatzen hasteko aukera izango dute.

Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo aktoreek, Xabier Obeso eta Ibai Maritxalar margolariek, Idoia Hernandez musikariak, Joxemari Carrere ipuin kontalariak eta Eva Diaz de Isla jostailu diseinatzaileak hartuko dute parte egitasmoan. Haurren pentsamenduaren “pizgarri” izango den dinamika bat prestatu du sortzaile hauetako bakoitzak. Hortik abiatuta, gaztetxo taldeak izango du hitza eta protagonismoa.

“Munduan zehar gozatu ditzakegun hainbat edertasun gizakion barnetik sortu direla gogorarazi nahi diegu haurrei. Beraiek ere gai dira ideia eta produktu baliotsuak sortzeko. Sentituz, pentsatuz eta ekinez sormenaren erritmoan mugitzen has daitezke. Hori da proiektuaren azken helburua”, adierazi dute Jakinmin Praktika Filosofikoen Elkartetik. Errenteriako Udalak antolatu du esperientzia hau Jakinmin elkartearen eskutik, eta Kutxa Fundazioak diruz lagundu du. Saioak doakoak izango dira ikasle parte-hartzaileentzat.

Filosofia eta sormena

Jakinmin Praktika Filosofikoen Elkarteak haur filosofia modu ludikoan lantzen du Euskal Herrian zehar. “Norberaren eta gizartearen garapenerako hain beharrezkoak diren pentsamendu kritikoa, sortzailea eta arretatsua trebatzen laguntzen diegu gure esperientzietan parte hartzen duten haur zein helduei”, esan dute.

Orain abiatu behar duten honetan, pentsamendu sortzailea izango dute euren lanaren ardatz. “Sormena pentsamenduari lotuta dago. Geroz eta sortzaileagoak izateko, ideia eta produktu berrietara iristeko, hainbat adimen gaitasun entrenatu behar ditugu, gorputzeko giharrekin egiten dugun bezala. Filosofiaren praktikak trebatze horretan laguntzen du”.

Egitasmoan parte hartzera animatu diren aipatu sortzaileek haur filosofiaren metodologiara hurbiltzeko aukera izan dute. Martxoaren 12an goiz osoko formakuntza bat eskaini zitzaien Lekuona Fabrikan, diziplina hau zertan datzan eta nola egiten duen lan azaltzeko. Ikastetxe ezberdinetako irakasle talde batek eta beste herritar batzuek ere parte hartu zuten saio hartan. “Eragile ezberdinek haur filosofiarekiko agertu duten interesa eta ilusioa oso pozgarria da. Apirila eta ekaina bitartean Lekuonan izango diren artistak asko inplikatu dira proiektuarekin eta seguru gaude fruitu gozoak emango dituela esperientzia honek”, uste dute Jakinminetik.

Oi(h)artzun Filosofikoa

Gertuko beste proiektu bat aurrekari du Errenteriako “Filosofiaren Plazan” ekimenak. Badira urte batzuk Oiartzungo eremu ezberdinetako sortzaileak herriko haurrekin elkartzen direla elkarrizketa filosofikoa lantzeko, Jakinmin Elkartearen laguntzarekin. Arrakastatsua izan da “Oi(h)artzun Filosofikoa” eta, hartan inspiratuta, izaera propioa eman nahi izan diote Errenteriakoari.

“Oraingoan, sortzaileekin hartuemanean aritzeaz gain, haien bizitzak mugitzen dituen sormenean murgilduko gara, haurren kreatibitatearekin konektatzen lagunduko duelakoan. Horregatik diogu aitzindaria dela proiektua. Herriko gazteak detektibe lanetan arituko dira, sormenaren taupada zer den eta euren bizitza nola aberastu dezakeen ikertzeko”, jakinarazi dute.