Errenteriako Udalak Ukraina-Euskadi elkarteari 8.000 euroko laguntza eman dio gerraren ondorioak arintzeko

Errenteriako Udalak, larrialdi humanitarioetarako dirulaguntza lerrotik, Ukraina-Euskadi elkarteari 8.000 euroko laguntza eman dio. Zehazki, gerrak irauten duen bitartean, Ukrainako herritarren biziraupenean laguntzeko. Aurrekontu horrekin hainbat baliabide erosiko dituzte, hala nola, higiene-produktuak, hotzerako arropa eta osagarriak, lo-zakuak, elikadura, material osagarria, paketatzeko paper-kaxak, etab.

Ukraina-Euskadi elkarteak Ukrainako kulturaren sustapenean lan egin du orain arte, eta lankidetza proiektuak ere garatzen ditu. Errenteriako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eta Elkarbizitzako Kontseiluko kidea da. Hainbat ekintzatan parte hartzeaz gain, egungo egoeran Udalak dituen itzulpen beharrei erantzuten laguntzen ari da, besteak beste, laster argitaraturako den “Herriko harrera eta baliabide gida” itzultzen.