Milimetroak ekimena ospatuko dute datorren asteartean

Gipuzkoako ikastolen Kilometroak jaiaren eredu berriaren harira, lehenengoz, Milimetroak ospatuko dira Gipuzkoako bi eskualdetan: Oarsoaldean eta Tolosaldean. Lehenengoaren gaia “Herritarren eta herrien burujabetza aldarri ” izango da; eta bigarrenarena, berriz, “Naziotasuna aurrez aurreko elkar ezagutzearen bidetik”.

Oarsoaldeako hiru Ikastolek -Orereta Ikastolak, Haurtzaro ikastola eta Pasai-Lezo Lizeoak- eta Ibarrako Uzturpek, aurtengo Kilometroak jaiaren antolatzaileak, hartuko dute parte, apirilaren 26an, Gernika bonbardatu zutela 85 urte betetzen diren egunean, Milimetroak jaian.

Aipatutako lau Ikastoletako DBH4ko 25na ikaslek Picassoren Gernika koadroaren errepresentazioa berritzailea margotuko dute goizeko topaketan. Eguerdian artelanaren aurkezpena egingo da, eta Mikel Urdagarin eta Haritzaren itzala taldearen partehartzea izango da Jaurtakol plazan.

Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, Herriko plazan, dantza eta musika izango dira protagonista. Kukai dantza taldea, Mikel Urdagarin, Andoitz Antzizar trikitilaria, Haritzaren itzala eta Orereta Ikastolako musika taldearen zuzenekoekin gozatzeko aukera izango da.