Errenteriako Udalak eta Aldundiak etorkizuneko proiektuak partekatu dituzte, etorkizun “berde eta berdinago baten alde”

  • Diputatu nagusia Errenteriako alkatearekin elkartu da Etorkizuna Eraikiz kapsulak jasotako ekarpenak aztertzeko eta tokiko proiektu nagusiak ezagutzeko

Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren testuinguruan, lurralde osoko etorkizuneko egitasmoak ezagutu eta herritarrek egindako ekarpenak aztertzeko herriz herriko bilerak egiten ari da Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano. Gaurkoan Aizpea Otaegi alkatearekin elkartu da Errenterian, herriko proiektu nagusien inguruko ikuspegiak partekatzeko helburuarekin. Bi erakundeen arteko elkarlan lerroei buruzko analisia egin dute, eta Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez jasotako proposamen eta iritzi nagusiak ere aztertu dituzte, “lurralde berde eta berdinago baten alde egiten dutenak”.

Udaleko ordezkariekin izandako bileran, udalerriko proiektu nagusiak izan dituzte mintzagai, baita Badalab hizkuntza eta berrikuntzarako laborategia ere, Etorkizuna Eraikizen testuinguruan, euskararen biziberritzea eta hizkuntza berdintasuna sustatzeko esperimentazio gune bihurtu nahi duen espazioa.

Udal liburutegi zaharrean izango du behin betiko egoitza Badalabek

Errenteriako udal liburutegi zaharrean izango du behin betiko egoitza, ekainean irekiko dena eta orain Torrekua eraikinean dagoena, eta udal eta foru ordezkariek gaur bisitatu dutena, Goiatz Oiartzabal Badalabeko zuzendariarekin batera. “Euskal Herriko mugez haratago erreferentzia bilakatzeko bokazioa du Badalabek” eta nazioarte mailan egitasmo “aitzindaria” dela azpimarratu du diputatu nagusiak; hizkuntza gutxituak biziberritzeko lanean dihardutenentzat erreferentzia izango da.

Udalerriko, baina udalerriz gaindiko eremuan eragin nahi duten proiektuen artean, “Agustinak: lanbide sortzaileen poloa” ere izan dute mintzagai. Agustinak proiektuarekin 2005. urtean Torrekuarekin lanbide sortzaileen esparruan hasitako bidean, urratsa kualitatibo garrantzitsua eman nahi du Udalak.

Agustinak auzoan kokatuta dagoen ikastetxe izandako eraikinak erreferentzia izan nahi du sormenaren, kulturaren eta artisautzaren esparruan ibilbide profesionala edo enpresa-proiektua garatu nahi dutenentzat. Izan ere, horretarako baliabideak eskainiko dituen gunea izango da: izan lanerako tokia, aholkularitza eta akonpainamendua, formazioa eta dinamizazioa. Garai batean ikastetxe izandako eraikinean hasita daude egokitzeko lanak, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren aldetik proiektuak jaso duen babes ekonomikoari esker.

“Pertsona orori lana, babesa eta etorkizuna eskainiko dien lurraldea izan nahi du Gipuzkoak”, eta horretarako, diputatu nagusiak gogorarazi du, ezinbestekoa dela lankidetza ildoak “estutzea” eta herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea. Batetik, erakundeen arteko lankidetza eta harreman lerroak estutuz, eta bestetik, herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartuz. Hala adierazi du Markel Olanok Errenteriako alkatearekin bilera egin ostean. Lan bileran hartu dute parte, baita ere, Sebas Zurutuza, Kudeaketa Estrategiako zuzendariak eta Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko zuendariak.

Aizpea Otaegi alkateak bisita eskertu dio diputatu nagusiari eta balioan jarri nahi izan du herritarren inplikazioak eta gobernantza kolaboratiboak duten garrantzia, parean ditugun erronka handiei aurre egiteko garaian. Eta nabarmendu du herritarrekin batera gobernatzea eta erakundeen arteko lankidetza, Errenteriako Udalaren egiteko moduaren ikur direla.

Udal liburutegi zaharrean izango du behin betiko egoitza Badalabek

Ildo horretatik, azpimarratu du erakunde arteko lankidetzaren ondorio dela hizkuntza berrikuntzaren esparruan erreferentziala izango den Badalabek Errenterian kokapena izatea edo Agustinak, lanbide sortzaileen poloa bezalako proiektu batek aurrera egin dezan baldintzak sortzea. Azken honek, bultzada garrantzitsua emango dio kulturak Errenteriaren eraldaketan eta garapen sozio-ekonomikoan jokatzea nahi dugun rolari.

Herritarrekin batera gobernatzeari dagokionez, alkateak nabarmendu du demokrazian sakontzeko Gobernu Taldearen ahalegina etengabea dela eta aldiro ari direla urrats berriak egiten, baita ekimen berritzaileak probatzen ere. Horren erakusle ausazko demokraziaren esparruan, Aldundiaren laguntzarekin, oraintxe martxan jarri asmo duten ekimena. Erroldatik ausaz aukeratutako 60 herritar gonbidatu berri dituzte bi lantaldetan antolatuta prozesu batean parte hartzea: lantalde batean, Agintaldirako Plana izango dute langai. Bestean, berriz, udazkenean egindako auzo-batzarretan herritarren adieraziko kezka nagusiak landuko dituzte. Guztira, 13 auzo-bilera izan zirela, 500dik gora herritarrek parte hartu zuten eta lanketa berri honen bidez, ausaz aukeratutako bizilagunak inplikatu nahi dira auzo-batzarretan identifikatu ziren herritarren kezken inguruan sakontzera. Bestalde, 2016tik bi urtean behin egiten den bezala, Udala gaur bertan hasiko da azterlan baten parte diren inkestak egiten, ezagutzeko herritarrek duten iritzia udalerriarekin, udal-gobernuarekin eta udaleko zerbitzuekin zerikusia duten hainbat gairi buruz.

Ingurumena, berdintasuna, politika eta ekonomia

Komunikabideei eskainitako adierazpenetan, diputatu nagusiak azaldu du ezinbestekoa dela gipuzkoarrei entzutea eta haien beharrak, iritziak eta gizartearen proposamenak jasotzea. Horretarako, Etorkizuna Eraikiz kapsula tresna eraginkorra izaten ari da, eta dagoeneko 21 udalerritan eta lau unibertsitate campusetan egon da, herritarren 3.000 ekarpen baino gehiago jasoz. Ibilbide horretan jasotako ekarpen guztiak kontuan hartuko dira foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan, diputatu nagusiak gaur azaldu duenez.

Pasa den urteko uztailaren 5ean kokatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz kapsula Errenterian. Bertan, 2040an Gipuzkoa nolakoa izatea nahi duten galdetzen zitzaien bizilagunei. Errenteriako kapsulak 72 ekarpen jaso zituen, eta horien artean, ingurumenari, berdintasunari, politikari eta ekonomiari lotutako proposamen eta iritziak nabarmentzen dira. Ondoren, gazteriaren aldeko politiken beharrarekin, gizarte politiken inguruko proposamenekin, euskararekin, mugikortasunarekin eta osasunarekin lotutako alderdiak.