Agifesek hitzaldia emango du Errenterian nerabeekin eta gazteekin komunikazioa sustatzeko, buru osasuneko arazoak prebenitze aldera

• Hitzaldia ostegunean izango da, apirilaren 28an, 18:00etan, Reina aretoan

• Nekane Azuabarrena psikologoak jarraibide batzuk eskainiko ditu familia-komunikazioa hobetzeko eta, hala, seme-alabei beren sufrimendu psikikoa azaleratzen eta ager daitezkeen osasun mentaleko arazoak bideratzen laguntzeko.

• 15 urte bete aurretik agertzen dira osasun mentaleko arazoen % 50, eta % 75 18 urte bete aurretik. Espainian, suizidioa bigarren heriotza-kausa da 15-29 urte bitarteko adingabeen artean.

• Haurren eta gazteen osasun mentaleko arreta-eskaerari erantzuteko, Agifesek proiektu pilotu bat abiarazi du buru osasuneko arazoak dituzten 16 eta 30 urte bitarteko gazteei laguntzeko “bizi-proiektu itxaropentsu bat diseinatzen, haien beharrak eta motibazioak kontuan hartuta”, Azuabarrenak adierazi duenez.

Agifesek hitzaldia eskainiko du apirilaren 28an Errenterian, nerabeekin eta gazteekin komunikazioa sustatzeko, buru osasuneko arazoak prebenitze aldera. Reina aretoan 18:00etatik aurrera egingo den topaketa honen gidaria Nekane Azuabarrena psikologoa izango da, zeinak familia-komunikazioa hobetzeko jarraibideak emango dizkien bertaratuei, seme-alabei beren sufrimendu psikikoa azaleratzen eta ager daitezkeen osasun mentaleko arazoak bideratzen laguntzeko.

Azuabarrena Agifesek abiarazitako ‘Zeuk Aukeratu’ proiektuaren arduraduna da. Horren helburua hezkuntza-komunitatea osasun mentalari buruz sentsibilizatzea eta informatzea da, baita gazteei eta haien familiei arazo psikikoen kudeaketan eta errekuperazio-prozesuan laguntzea ere.

Buru osasuna nerabezaroan: zifrak

Buru nahasmenduak, batez ere, nerabezaroan sortzen dira, eta gero eta adin txikiagoko haurren artean hautematen ari dira. Hori dela eta, Agifesek uste du funtsezkoa dela gazteenei arreta handiagoa eskaintzea. Hain zuzen ere, osasun mentaleko arazoen % 50 15 urte bete aurretik agertzen dira, eta % 75 18 urte bete aurretik. Gainera, aipagarria da munduko zazpi nerabetik batek buru osasuneko arazoren bat duela, eta Espainian, 15-29 urte bitarteko adingabeen artean, suizidioa dela bigarren heriotza-kausa.

Azken hilabeteetan, pandemiaren ondorioz, areagotu egin dira osasun mentaleko arazoak populazio-talde horretan. Zehazki, nerabeen ospitaleratze psikiatrikoak % 50 igo dira 2021eko lehen hilabeteetan, eta ospitaleratzeko arrazoi nagusiak elikadura-portaeraren nahasmenduak eta suizidio-saiakerak dira.

Zeuk Aukeratu

Orain arte, Agifesek kronikotasun-maila handieneko helduak artatu ditu, batik bat, baina haur eta gazteen arreta-eskaeraren aurrean, proiektu pilotu bat abiarazi du. Hain zuzen ere, buru osasuneko arazoak dituzten 16 eta 30 urte bitarteko gazteei laguntzen ari zaie “bizi-proiektu itxaropentsu bat diseinatzen, haien beharrak eta motibazioak kontuan hartuta”, Nekane Azuabarrena Agifeseko psikologoaren hitzetan. Ekimena zortzi gazterekin eta haien familiekin garatzen ari da 2021-2022 ikasturtean, eta aurrerantzean biztanleria-talde horrentzako zerbitzu espezifikoak ezartzeko helburua dago.

Prozesu horretan parte hartzen duten gazteak eta haien senideak laguntza psikologiko eta emozionala jasotzen ari dira, astean behin edota hamabostean behin gauzatzen diren banakako eta taldeko laguntza-saioen bidez. Gazteentzako eta familientzako gai espezifikoei buruzko tailerrak ere egiten dira hilero. Era berean, proiektuan parte hartzen dutenek aisialdi-, kirol-, prestakuntza- eta lan-jardueretan parte hartzeko laguntza dute, beren nahi eta interesekin bat datorren bizitza-proiektu bat garatu ahal izateko.

Proiektu pilotua Zeuk Aukeratu programaren baitan dago. Horren barne, prebentzio- eta sentsibilizazio-saioak eskaintzen ditu Agifesek ikastetxeetan, 10 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteekin, irakasle-taldearekin eta familiekin.

Saio horietan pertsona ospetsuen testigantzak jasotzen dituzten bideoak ikusten dituzte gaztetxoek. Helburuak honakoak dira: buru osasuna zaintzeak duen garrantziaz sentsibilizatzea; adingabeen garapen pertsonalean hezkuntza-sistemako eragile guztiek (irakasleak, senideak, berdinen taldeek eta abar) duten eginkizunaz kontzientziatzea; osasun mentaleko arazoen seinale goiztiarrak identifikatzen laguntzea; eta estigmaren arrastoak minimizatzea, osasun mentaleko arazoen ikuspegi errealista eskainiz, estereotipoetatik aldenduz.