Datorren astean zabalduko du Herri Arte Eskolak matrikulazio kanpaina

Garazi Lopez de Etxezarreta, Herri Arte Eskolaren lehendakaria

• Herri Arte Eskolaren 22/23 ikasturteari begira izen-ematea, zabalik maiatzaren 5etik aurrera

• Berrikuntza nagusia Arte Plastiko-Ikusizkoak 8-11 urte bitartekoentzat zabaltzea izango da

Udaberriko oporraldiaren ondoren 21/22 ikasturte honen azken txanpari hasiera eman zaion honetan Herri Arte Eskola ikasturte berezi bati amaiera ematear da hurrengoari ekin ahal izateko matrikulazio prozesua abiatzearekin batera.

Berezia, izan ere, izen eta izan berrituekin jorratu du irailaz geroztik bidea eta aurrera begira ere ildo honetan sakontzen jarraitzeko asmo betea du. Era honetan legegintzaldi honetarako udal gobernuaren ekintza nagusienetariko bat egikaritu da, eta Errenteria Musikal udal musika eta dantza eskola izenarekin aritzetik Herri Arte Eskola gisa jardutera igaroz hainbat hezkuntza egitasmo berriturekin ekin dio ibilbide berri honi.

Matrikulazioa maiatzaren 5etik 10era izango egungo ikaslegoarentzat eta 11etik 18ra bitarte ikasle berrientzat. Garrantzitsua da Udalak datorren ikasturtetik aurrerako eskaintza publiko osoan martxan jarriko duen matrikulazio tasa egokituen politika kudeatzen lehena Herri Arte Eskola izango dela eta horrela ordaindu beharrekoa hiritarraren gaitasun ekonomikoaren edota errenta mailaren araberako prezioetan oinarrituko dela. Langabezian egon edota DBE jasotzen dutenek adibidez zero euro ordainduko dute esaterako, eta hainbat ezaugarriren arabera kenkariak aplikatuz (erabiltzaile kopurua, familiaren osaera, desgaitasuna…) errenta tarte jakin batzuen arabera matrikularen %35, %75 edo %100 ordaindu beharko da. Xehetasun hauek guztiak eskolako web orrialdean kontsulta daitezke. Matrikula ere webgune horren bidez egin beharko da, eta behar duenak telefonoz (943 44 96 33) eta Herri Arte Eskolaren bulegoan bertan laguntza eska dezake horretarako.

Matrikulazio kanpainaren eskuorria esteka honetan dago eskuragarri deskargatzeko.

Berrikuntzak

4-7 urteko haurrei zuzenduriko Hastapen Artistiko Multidiziplinarra izan da agian berrikuntza nagusiena 2021-2022 ikasturtean, izan ere, 4 eta 5 urteko haurrek musika eta gorputz-adierazpena saio banatan burutu dituzte orain arteko musika eta mugimendua saio bakarraren ordez eta, 6 eta 7 urteko haurrek 4 arloz osaturiko hezkuntza proposamen trinko batean murgilduz aritu dira astero musika, gorputz adierazpena, ahotsa eta arte plastiko-ikusizkoetan jardunez. Azken adin tarte honetan gainera gorputz adierazpenari dagokion arloan eskolan ikasgai dauden dantza espezialitate guztiak probatzeko aukera izan dute eta horrela errotazio sistema baten baitan 8-9 astez euskal dantza, klakea, balleta, dantza garaikide eta urbanoak deskubritu eta trebatzeko lehen pausuak eman dituzte.

Zentzu honetan bikaina izan da dantza irakasleek ikasleak denbora mugatu horretan txikiak dantza espezialitate bakoitzean murgiltzeko egin duten lan pedagogikoa eta honen testigu zuzen izan dira gurasoak errotazio bakoitzaren amaieran saio irekira bertaratu eta euren seme-alabak mugimendu eta gorpuzkera ezberdinetan behatu dituztenean. Haurrak ere oso gustura jardun dira arte plastikoetan talde kooperatiboetan ilustrazio eta stop motion proiektuak elkarbanatuz edota Jorge Oteiza-ren igeltsuen laborategia, Rebeka Elizegi-ren ilustrazio irudimentsuak edota Alexander Calder-en instalazio mobilak deskubrituz ekoizpen sorta anitzak burutuz.

Gure inguruan topatzerik ez dagoen hezkuntza eskaintza artistiko berritzaileena Hitzaren eremuarena ere izan da eta guztira haurren, nerabeen eta helduen bost talde osaturik ekin dio hitza tolestu, leundu eta dijitalizatzeko bideari. Irudiei hitzak jarriz, komikiak sortuz, hitzekin jolasak burutuz, narrazioak asmatuz, euren ahotsa grabatuz, arte-plastiko-ikusizkoek ekoitzitako stop motion-ari narratzailea gehituz… makina bat molde eta jardueretan aritu dira giro atseginean.

Dantzaren alorrean bi dantza espezialitatek lur-hartu dute aurten, dantza urbano eta garaikidearenak hain zuzen ere. Adin ezberdinetako taldeek ikasketa berri bati ekin diote gorputz mugimendu desafiatzaile eta libreetan. Ikasturte erdialdetik gainera guraso batzuen eskaerari erantzunez helduen ballet talde bat osatu da eta balleteko gaztetxoen talde bat Luxenburgora joatekoa da Europako eskolen topaketa batean parte-hartzera maiatza amaieran. Aipagarria da dantza espezialitate guztietako ikasleek LekuOna-n euren koreografia propioak aurkeztuz eskaini zuten emanaldia. Klakean gogor aritu dira lurra kolpatzen urte osoan zehar eta Laia Molins-en masterclassa ere jaso zuten. Covid-a atzean uzten ari garen honetan herri ospakizunak ere erruz ugaritzen hasi dira eta euskal dantzako ikasleek agenda lepo dute Errenteria mailan zein inguruetan dantzari txikien baitan. Martxoan Maskarada-ra irteera burutu zen Idauera (Zuberoa) aurrez Titika Rekalten hitzaldia Niessen auditorioan jaso ondotik.

Musikaren eremua ere indarturik ikusi da ikasturte honetan ahotsa instrumentu gisa ikasten hasteko aukera ezarri baita, baita alboka eta dultzaina ere. Azken bi hauekin euskal instrumentuen eskaintza indartu da eta euskal dantzak lagundu eta kale-presentzia areagotu dira trikitixa, txistua eta txalapartarekin auzo ezberdinetan ikasleek kalebueltak burutu dituztelarik. Bizilagunek oso eskerturik hartu dituzte doinu hauek guztiak beren etxepean. Amaitzeko aipagarria da saxofoi, perkusio, biolin, klarinete eta biolontxelo ikasleak hautatuak izan direla Euskadiko Ikasleen Orkestra, EIO Txiki eta Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestran aritzeko.

Aipaturiko arte diziplina eta musika espezialitateak abiarazteko 5 irakasle berrik ekin diote aurten Herri Arte Eskolan lan egiteari eta arestian aipaturiko dantza gela berri bat egokitzeaz gain Niessen eraikinean bertan arte-plastiko ikusizko 2 gela berri erabat egokitu dira hormak bota eta ur hartuneak iristaraziz, eta azkenik Hitza-rako gela atondu da.

Klaseetara bertaratzeaz haratago Herri Arte Eskola-ren ildo estrategiko bat da ikusle profila indartu eta artearekiko zuzeneko zaletasuna sustatzea. Ildo horretan hainbat irteera burutu dira ikasle, guraso eta irakasleen partaidetzarekin, hala nola: Iratxe Ansa-ren estreinaldira Iruñeako Nafarroako Museora, antzerki ikasleak Donostian eta Lekuona Fabrikan izan dira antzezlanak ikusten, Maskaradarara egunpasa antolatu zen Zuberoara, piano ikasleak Victoria Eugenia Antzokian 4 eskutarako piano-kontzertuan izan ziren…

Datorren ikasturtera begira berrikuntza hauetan guztietan sakontzen jarraitu nahi da beharrezko doiketa eta hobekuntzak eginez. Berrikuntza nagusia Arte Plastiko-Ikusizkoak 8-11 urte bitartekoentzat zabaltzea izango da. Helduen dantza taldeek ordu eta erdiko iraupena izango dute oro har eta 12-18 urte bitarteko dantza ikasleek eskolako beste irakasle baten eskutik ordu erdiko asteroko saio espezifiko bat jasoko dute matrikulatuta dauden dantza espezialitatea indartu eta osatu asmoz. Hitzaren eremuan adin tarteen araberako proiektuetan oinarrituriko eskaintza zabalagoan egingo da aurrera. Ikasturte berria Kataluniako El Prat-eko “Arts en viu” eskolarekin egingo den elkartruke batean oinarrituz hasiko da eta horretarako datorren astean bertako 2 irakasle-musikari kataluniar Errenteriara etorriko dira tailer batzuk eskaini eta aurre-entsegu batzuk burutzera.

Hemen deskargatu dezakezu matrikulazio-kanpainaren eskuorria.