‘Ni arduratsua naiz, eta zu?’ leloa duen kanpaina abian jarri du Errenteriako Udalak zakur jabeen erantzunkidetasuna bilatzeko asmoz

 

Errenteriako Udalak ‘Ni arduratsua naiz, eta zu?’ kanpaina jarriko du abian, gauzak ondo egiten dituzten txakur jabeei eskertu eta jabe guztiei euren ardura gogorarazteko.

Udal arduradunen helburu nagusia da herri garbi, bizigarri eta osasungarria lortzeko garaian herritar guztiek duten erantzunkidetasuna mahai gainean jartzea. Eta udalak berak duen arduraz gain, norberak gai honetan duen egitekoa gogoratu nahi izan dute.

Gaur aurkeztu den kanpaina egiteko arrazoiak dira errenteriarren artean zabalduta dauden kezka, ardura eta haserrea. Herriko kaleetan nahi baino gehiagotan agertzen baitira zakur gorotzak eta horrek dakar arduratsu jokatzen duten txakur-jabeak, eta herritarrak oro-har, haserretzea, osasunarekiko kezka piztearekin batera. Izan ere, zibismo arazo honek eragin zuzena baitauka bai herritarren osasunean eta, batez ere, beste zakurren osasunean.

Udal arduradunek gogorarazi nahi izan dute txakur jabe gehienek gauzak ondo egiten dituztela eta, zakurrak ondo zaintzeaz gain, euren gorotzak behar bezala jaso eta dagokien edukiontzietan uzten dituztela. Hau horrela izanik ere, jokabide hori ez izateak isuna ere ekar dezakeela gogorarazi dute, eta berau 750 eurokoa ere izan daitekeela gehitu nahi izan dute udalean ordezkaritza duten talde guztiek babestutako agerraldian.

Egokitutako mezua

‘Ni arduratsua naiz, eta zu?’ leloa duen kanpaina honek hainbat euskarri ditu publiko ezberdinei modurik egokienean zuzentzeko.

Ekimen honen jarduerarik handiena herriko 2500 txakur jaberi zuzendutako gutunen bidalketa da. Gutun honek jabe bakoitzaren ardura nabarmentzea du helburu. Horregatik, gutunak pertsonalizatu dira zakurraren eta jabearen izenekin.

Era berean, zakurrak eta bestelako maskotak protagonista diren tokietarako kartel bat prestatu dute. Hain zuzen ere, txakur-parke gisa markaturiko zonaldeetan, albaitarien egoitzetan, animalientzako-gaiak saltzen dituzten dendetan eta antzekoetan ere ikusi ahal izango da afixa. Gai honetarako auzo elkarteen konplizitatea bilatu da, eta beraiek ere jarriko dute.

Teknologia berriak ere baliatuko dira erantzunkidetasun mezu hau zabaltzeko. Horren lekuko da hainbat txakur-jabe eta euren maskotak protagonista dituen bideo baten edizioa. Ikus-entzunezko pieza honetan, praktika onak erakusten dituzten pertsonek bestelako jokaera dutenak zuzenean interpelatzen dituzte.

Azkenik, mezu hau herritar guztien artean zabaltzeko komunikabideen laguntza bilatzen duen prentsaurrekoa ere egin da, gaiarekin lotura zuzenik ez, baina interesa dutenek kanpainaren berri izan dezaten.