Cristobal Gamon ikastetxeko patio estalia, dagoeneko ikasleen eta auzotarren eskura

Aurkezpenean egon dira: Udal ordezkariak, Eskolako ordezkariak, Guraso Elkarteko ordezkariak eta Auzo Elkarteko ordezkariak

Cristobal Gamon ikastetxeko patioetako bat estaltzeko egitura eraikitzeko lanak bukatu dira eta dagoeneko ikasle zein auzotarren eskura dago aire zabaleko espazio estali hori.

Errenteriako Udalak herri hezitzailean sakontzeko politikak garatzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuen legegintzaldi planean eta bide horretan urratsa da Cristobal Gamon BHI ikastetxeko jolastokia estaltzea. Espazio eta ekipamendu publikoak ikuspegi hezitzailetik eraikitzea, espazio horiek herritar guztientzat irisgarri eta seguru izatea ere bada.

Cristobal Gamon ikastetxeak espazio hezitzaile duinagoa izango du hemendik aurrera, eskola-orduetan bertako ikasleek erabiltzeko lehenetsiko dena. Ikastetxearen hezkuntza proiektua indartzeko baliagarri izango da eta hezkuntza komunitatearen topagune natural izateko baldintza egokiak sortzen ditu. Inbertsio honekin, Udalak haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoen azpiegiturak duintzeko bidean urrats kualitatiboa eman du.

Bestetik, Kaputxinotako auzotarrek aterpedun espazio publiko bat irabaziko dute, eskola-orduz kanpo auzoari eta herritarrei zabalik egongo dena, aisialdiaz gozatzeko. Eta, era berean, auzoan antolatzen diren jarduerei bide emateko lagungarri izango dena. Hezkuntza komunitateaz harago, auzotarren arteko topagune izan nahi du eta baita ikastetxearen eta auzoaren arteko zubi ere.

Estalkia eraikitzeak 637.816,07 euroko kostua izan du; horietatik 362.656,72 € Udalak jarri ditu eta 275.159,35 € Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, dirulaguntza baten bidez. Proiektua Antero Fernandez Arquitectos SL enpresak idatzi du, eta obrak Indenort PV, S.L.U. eta Proviser Iberica, S.L.U. enpresek egin dituzte.

Norabide berean, eta helburu berdinekin, Udala Koldo Mitxelena ikastetxeko Markola eraikineko patioa babestuko duen estalkia egiten hasteko lanetan ari da. Hala, eskolako ikasleek eta baita Agustinetako auzotarrek ere aisialdirako espazio estalia izango dute.

Cristobal Gamon ikastetxeko zuzendaritzak egindako lana eskertu du, eta auzoarentzat ez beste, ikastetxearentzat izango diren onurak nabarmendu ditu, jolastoki estali bat izango baitute jolas garaietarako eta Gorputz Hezkuntzako eskoletarako.

Azkenik, Udalak eskerrak eman ditu obrek iraun duten bitartean ikastetxeak, ikasleek, familiek eta auzotarrek izandako jarrera ulerkorra eta lankidetza, obrak sortutako albo-kalteei dagokien kudeaketan.