Gipuzkoako Erroten Egunarekin bat eginez abiatuko du Fanderiako Errotak uztailera bitarteko eskaintza

Ingurumena | Jasangarritasuna 2022-05-03 | 0

Maiatzaren 8an Gipuzkoako Erroten Eguna ospatuko du Fanderiako Errotako Ibaiaren Interpretazio Zentroak. Egun horretan, doako bisita gidatuak antolatuko dira errotaren historia eta funtzioa ezagutzeko.

Historiaren, ingurugiroaren, teknologiaren eta energiaren erabilera ezberdinen bidez, ehundaka urteren buruan gizarteak eta paisaiak jasandako aldaketak aztertuz, herritarrei errotak eta industria-ondarea hobeto ezagutzeko aukera eskaintzea da Gipuzkoako Erroten Egunaren xedea.

Izan ere, errotak oso garrantzitsuak izan dira mende askotan Gipuzkoako garapen sozial, ekonomiko eta industrialean. Lurraldearen antolaketaren eta giza jardueraren adierazpide esanguratsuenetako bat dira, gizakiak bere ingurunearekin dituen harremanei nahiz iraganeko bizimoduei eta kulturei buruz oraingoekin hitz egiten duen ondare adierazgarria.

Fanderiako Errotako beste jarduerak

Horretaz gain, beste hainbat jarduera ere antolatu dira maiatzetik uztailera bitartean:

  • Maiatzaren 22a: Biodibertsitatearen Nazioarteko Egunean parkeko animaliak ezagutzeko irteera gidatua izango da.
  • Ekainaren 9a: Udako atarian egonik, urtaro horretan naturan zer gertatzen den ezagutzeko tailerra izango da.
  • Uztailaren 16a: herriko jaien atarian haurrak dituzten familientzat pista jolasa antolatu da, ondo pasatuz errotari eta ibai inguruari buruzko edukiak lantzeko eta goiz polit bat igarotzeko.

Horretaz gain, Fanderiako Errotako Ibaiaren Interpretazio Zentroak (Ibaiaren Etxea), hilabeteko bigarren asteburuetan 10:30etatik 14:00ak arte errota martxan ikusi eta bere historia ezagutzeko aukera eskaintzeaz gain, hilabetean behin ekintza berezia antolatzen du. Hala ere, uztaileko kasuan, Madalenetan irekiko da soilik, 23an eta 24an.

Jarduerak doakoak dira, eta aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da:

No comments yet.

Utzi erantzuna