Udalak bakardadea sentitzen dutenentzako programa jarri du abian

Ezkerretik eskuinera: Eñaut Gracia, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, eta Aizpea Otaegi, alkatea

Nahi gabeko bakardadea gure gizartean dagoen errealitate bat da, batez ere adinekoei eragiten diena, eta udalerriko biztanleen % 25ek 65 urte baino gehiago dituela aintzat hartuta, oso kontuan hartu beharreko zerbait da politika publikoak garatzerakoan.

Zentzu honetan, COVID-arekin, konfinamenduaren lehen fasean, zaintza sare publiko-komunitarioa osatu zuten pertsonen lanari eta inplikazioari esker, 70 urte baino gehiago zituzten edo 65 urte baino gehiago izanik bakarrik bizi ziren udalerriko pertsona guztiei deitu zitzaien, (7.000 inguru).

Dei horien bidez, 100 pertsona inguruk adierazi zuten bakardadea sentitzen zutela eta akonpainamendu edo euskailu emozionala izateko nahia agertu zuten. Hori boluntarioen bidez egin zen.

Programaren ezaugarriak

Errealitate hori antzemanda, eta behar horri erantzuteko asmoz, Udalak gizarte- eta heziketa-arloko esku-hartze profesional eta indibidualizatuko programa bat jarri du abian.

Programa hau abian jarri dela gutun bidez jakinarazi zaie dagoeneko nahi gabeko bakardadea antzeman zitzaien adineko 40 pertsonari. Programaren lehen urratsa telefono bidezko elkarrizketa bat izaten da eta, erabiltzaileak hala nahi badu, ondoren aurrez aurreko hitzordua egiten da etxean edo udal-bulegoetan.

Esku-hartzea pixkanaka pertsona horiekin hainbat hitzorduren bidez lotzean datza, eta elkarrekin sozializatzeko eta bakardadetik irteteko prozesu indibidualizatu bat lantzean, udalerrian eta auzo bakoitzean dagoen sare komunitarioan oinarritutako errutina bat eraikitzean oinarrituta.

Kontaktatutako lehen 40 pertsona horietatik, parte batek uko egin dio proposatutako programan parte hartzeari, konfinamenduan adierazi zuena baino egoera hobean daudelako; gainerakoek, berriz, esku hartzeko prozesua hasi dute, eta dagoeneko lanean ari da Udala haiekin; kasu batzuetan, telefono bidezko harreman jarraitua izatea eta nola dauden jakiteko jarraipena egitea adostu da, eta elkarrekin baloratzea ea beste urrats bat eman nahi duten esku hartzeko prozesuan. Beste kasu batzuetan, sozializazioa berrezartzen lagunduko duten errutina horiek eraikitzen hasi dira.

Nahi ez den bakardade-egoerak eta programan parte hartzen duten pertsonek harremanetarako bidea egiten duten heinean, programaren balizko erabiltzaile gisa identifikatutako gainerako pertsonekin harremanetan jarriko da Udala.

Proba pilotu bat

Izaera pilotua duen programa honen bidez, Udalak helburutzat hartzen du 100 adineko horiek modu pertsonalizatuan eta indibidualizatuan harremanetan jartzea eta haiei arreta ematea, esku-hartzearen bidez pertsona horiek zer nolako premia emozional, fisiko, psikologikoak eta abar dituzten baloratuz, nahi ez den bakardadeari modu integralean helduko dion planteamendu bateratua egin ahal izateko Udalaren eta udalerriko gizarte-eragileen artean.