Bukatu dituzte Fanderia eta Lartzabal auzoen ondoko bidegorri-gunea birnaturalizatu eta aberasteko lanak

Aizpea Otaegi alkatea eta Javier Hurtado Turismo sailburua

Azken 4 hilabeteetan lanean aritu dira ingurune honetan bidegorriak Errenteria-Oiartzun eremuan duen kalitatea hobetzeko eta dagoeneko, behin lanak amaituta, herritarren eskura dago. Gaur eremu hori bisitatu eta aurkeztu dute Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak eta Javier Hurtado Turismo sailburuak.

Arditurriko bidegorria, ondare- eta natur-baliabide garrantzitsua da Oarsoalderarentzat; eskualdeko udalerrien bizikleta bidezko lotunea bermatuz, udalerrien arteko bizikleta bidezko komunikazioa sustatzeaz gainera, Errenteriako eta Oarsoaldeko biztanleentzat arnasgune natural garrantzitsua da, aisialdirako eta kirolerako oso egokia.

Orain berritu, birnaturalizatu eta aberastu den eremu honetan, Fanderia eta Lartzabal auzoen ondoan, autopista azpian geratzen den eremuan, esku hartzea Udalaren 2019-2023 Agintaldirako Planean jasota zegoen.

Esku hartzeak 320.000 euroko aurrekontua izan du eta Oarsoaldea Biziberritzeko Plan Estrategikoan jasotako jarduera-ardatzak garatzeko Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako BERPIZTU programaren baitan Errenteriako Udalak jaso duen laguntzari esker gauzatu ahal izan da.

Proiektuaren helburuak

Hauek izan dira obra gauzatzeko proiektuaren helburuak:

1. Arditurriko Bide Berdearen ingurumen- eta paisaia-kalitatea hobetzea, Errenteriako eremuan.

2. Errenteria-Oiartzun eskualdeko bizikleta-bidea berrantolatzea.

3. Ibilguaren eta zortasunaren eremuan biodibertsitatea, erriberako landaredia eta haltzadi kantauriarra berreskuratzea, ondoko eremuarekin jarraitutasuna emanez, uren kalitatea ahal den neurrian hobetuz eta higadura-prozesuak murriztuz.

4. AP-1/AP-8 autobideko zubien eremua modu atseginagoan egokitzea, eta, aldi berean, tokiko natura- eta kultura-ondarea interpretatzea eta aurkitzea baimenduko duena.

5. Berdeguneak eta horien eta mugakide diren hiriguneen arteko lotura hobetzea, bai eta ibaitik gertu egoteko eremuak sortzea ere, herritarren osasun fisiko eta mentalari dagokionez.

6. Dauden materialetatik abiatzea, ibaitik gertu dagoen lengoaia berri bat emanez, eta eraispenetako edo lur-mugimenduetako material guztia berrerabiltzea eremuan bertan, hondakinik ez sortzeko.

Prentsaurrekoan egindako aurkezpenean Javier Hurtado sailburuak nabarmendu du oso garrantzitsua dela “Eusko Jaurlaritzak udalerriei lehentasunezko jarduketa-eremuetan turismoa biziberritzeko proiektu zehatzetarako behar dituzten baliabideak emateko egin duen apustua. Plan hori 2021ean onartu genuen, eta 6,7 milioi euroko zuzkidura du; horietatik, milioi bat Oarsoaldea eskualdera bideratu da. Gaur, Arditurri bide berdeak baliabide turistiko gisa duen balioa indartuko duten lanak egiaztatzera joan gaitezke. Erabat amaitutako lehenengo jarduera da, eta berriro hurbiltzen garen lehenengoa. Horregatik, benetan pozgarria da hemen egotea, eta ikustea Errenteriaren eta gainerako udalerrien ahaleginaren eta lanaren emaitzak eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarekin koordinazioa, eskertzen dudana”.

Bestalde, Aizpea Otaegi alkateak honako hau adierazi “oso pozik gaude, proiektu hau ere jada gauzatu dugulako. Lanak amaitu zirela pare bat aste pasa dira eta dagoeneko herritar askok izan dute egin den esku hartzea ikusi eta gozatzeko aukera. Espero dut, behar bezala guztion artean behar bezala zaintzea”.

Argazki galeria