Errenteria murgilduta dago Kultur Aniztasunaren egunetan

Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren harira programa zabala antolatu dute Errenterian publiko guztientzako.

Kultur aniztasunaren balio positiboa aldarrikatzeko eta aberastasuna azpimarratzeko, kolorez jantziko da herria. Hain justu, honakoa izango da programa:

Beraungo dendetako erakusleihoetan Helduen Hezkuntzako ikasleek aurreko urtean egindako argazkiak dituzte ikusgai joan den larunbatetik.

Bestalde, aste honetan, ostegunetik igandera bitarte ‘11 Zapore’ ekimenean herriko erdiguneko 25 tabernak munduko beste herrialderen batean oinarrituriko pintxo edo edariak izango dituzte salgai.

Ostiralean, maiatzaren 20ean, 18:00etan, Lekuona Fabrikan, Freyter elkartearen eskutik emakume migratzaileen irudien eta bizipenen ikus-entzunezko erakusketa aurkeztuko dute. Eta 28tik aurrera, erakusketa bera ikusgai egongo da. Era berean, Lekuonan bertan, hainbat apaingarri jarriko dira hizkuntza aniztasuna irudikatzeko asmoz.

Burubeltz konpartsa

Azkenik, eta programari festa giro koloretsua emateko asmoz, Burubeltz Konpartsaren kalejira bizia izango da igandean, maiatzaren 22an, herriko kaleetatik barrena. Irteera Alabergako plazatik izango da eguerdiko 12:00etan. Bertan danborrak eta koloretako kartelak banatuko dira. Puzgarri eta erraldoi ikusgarriak ere izango dira bertan. Udalak bertaratzera animatu ditu herritarrak.

GKGEk antolatutako mahai-ingurua

Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako programaren baitan, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKGE) antolaturiko mahai-ingurua egon zen atzo Reina aretoan.

Informazio gehiago

Informazio gehiago eskuratzeko eta kartela bera ikusteko webgunea honakoa da:
https://herribizia.errenteria.eus/11kolore/