Gipuzkoako Natura eta Ingurumeneko Zinemaren II. Erakustaldiak bi saio izango ditu Errenterian

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako Natura eta Ingurumen Zinemaren II. Erakustaldia antolatu du maiatzaren 10etik 20ra bitartean Gipuzkoako bederatzi udalerritan. Gipuzkoa Naturaldia, oro har, naturarekiko harremana eta, bereziki, Gipuzkoako naturarekiko harremana bultzatzeko ekitaldien eta baliabideen programa bat da, eta publiko guztiei zuzenduta dago, eta Gnat Zinema ekimen horren parte da. Errenterian bi film eskainiko dira GNAT Zinema programaren baitan: maiatzaren 17an, La vida secreta de los árboles, eta 19an, De quijotes y semillas. Emanaldiak Niessen aretoan emango dira eta sarrera doan izango da:

La vida secreta de los árboles Peter Wohllebenen liburu arrakastatsuan oinarritutako dokumentala da, eta Alemaniako basoei buruz hitz egiten du, hala nola Wershofen parrokiako basoari buruz. Wohllebenek modu entretenigarri eta argigarrian hitz egiten digu zuhaitzen elkartasunari eta kohesioari buruz, eta gero eta ugariagoa den irakurle komunitatearen barru-barruan jotzen du: basoan barrena egindako bisitaldietan, bertan bizi diren izaki bizidun harrigarri horietara hurbiltzen gaitu. Wohlleben Suediara joaten da munduko zuhaitzik zaharrena ikustera; Vancouverren negozioak bisitatzen ditu, basoak tratatzeko ikuspegi berrien bila; manifestarien alde jartzen da Hambacher Forsten. Badaki gizakiak bizirik iraun ahal izateko basoak osasuntsu egon behar duela, eta gure azken aukeraren aurrean gaude… Aurkezpena eta ondorengo solasaldia faunan aditua den NATURTZAINDIAko Alberto Castro biologoaren esku egongo da.

Patxi Uriz zuzendariaren De quijote y semillas filmak Santi Cordón sukaldariaren istorioa kontatzen du. Izan ere, sukaldaria bere jaioterritik, Tuteratik, Malagako Zinemaldira abiatu zen ‘berdukletaz’, azken baratzezainei buruzko dokumental bat aurkezteko. 900 kilometroko bidaia jasangarri horretan, Alberto Marín Malagako permakultorea izan zuen lagun. Bidaldi horretatik roadmovie bitxi bat sortzen da, eta, bertan, protagonistek, kapareak bailiran, baratze bat landatzen dute bizikleta baten gainean, bizikleta bera zamari bihurtuz. Zaldunen abentura honetan ahaztutako Espainia gurutzatzen dute, azken kixoteen borroka erromantikoa entzuteko, haziak trukatzeko eta desagertzeko bidean dagoen sukaldaritzako altxor bati balioa emateko. Ekitaldian izango da Patxi Uriz bera ere.

Zinema erakustaldi honen helburua gertuen dagoen naturaren kalitatea zabaltzea da, pertsonok naturarekin ditugun harremanetan sakonduz. Aldundiak adierazi du klima-aldaketari aurre egiteko hamarkada erabakigarri batean gaudela eta ingurumenaren errespetuarekiko sentsibilizazioa suspertzeko zein gure gizartea irizpide jasangarrietan oinarrituta berreraikitzeko kontzientziazio kolektiboa indartzeko unea dela. Horretaz gain, Gnat Zinema proiektua naturaren alde zerbait egin nahi duen ororentzat  zabalik dagoela azpimarratu dute antolatzaileek, bai naturaren defentsaren arlotik, bai sormenaren dibulgazioaren arlotik jardunda. Ikusi egitarau osoa.

“Trienekens Plogging Run” Coopera Congo Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat funtsak biltzeko

Pablo de la Chica zuzendariaren Mama film labur dokumentalaren protagonista den Gobernuz Kanpoko Erakundearen alde dirua biltzeko, “Trienekens Plogging Run” antolatu da, familia-plogging bat, Higer itsasargian maiatzaren 22an. Mama filmak dokumental onenaren Goya saria lortu zuen azkeneko edizioan. Trienekens Plogging Run delakoaren helburua da hiru kilometroko ibilbidea egitea, zaborrak biltzeko eta ingurumena babesteko sentsibilizazioan sakontze aldera. Ibilaldiaren aurretik jolasak, birziklatzeari buruzko zozketak eta aurrez berotzeko baliagarri izango den zumba klasea antolatu dira, eta «Trienekens Plogging Run» ekimena amaitu ondoren, aperitibo bat emango zaie parte-hartzaile guztiei; halaber, pisatu egingo da bildutako zaborra. Izena emateagatik 5 euro kobratuko dira eta horrela bildutako dirua Coopera Congo GKErentzat izango da. Erakunde horrek Lwiro-ko primateen errehabilitazio zentroa kudeatzen du, eta zentro horren arduradunak eta zaintzaileak dira GnatZinema 2022 irekiko duen MAMA dokumentalaren protagonistak.

Ikastetxeetarako proiekzioak

Aurten, naturari buruzko zinema emanaldiak antolatu dira DBHko 1. eta 2. mailako ikasleei zuzenduta. Saioak maiatzaren 16an egingo dira Errenterian, eta Lexeia Larrañagaren eta Alexander Gutierrezen Natura Bizia dokumentala emango da. Zuzendariek aurkezpenean parte hartuko dute, ikasleen artean kontzientziazioa sustatzeko. Antolatzaileek adierazi dute ikus-entzunezkoa  gazteenen interesa erakartzeko tresna bikaina dela, eta Natura Bizia zein zuzendari gazteak estimulu ezin hobea direla ikasleengan ingurunearen zaintzarekiko errespetua eta sentsibilizazioa pizteko. Izan ere, gazteei planeta zaintzen irakastea etorkizunean inbertitzea dela azpimarratu dute.