Musikastek 10 emanaldi eskainiko ditu ostegunean hasiko den 50. edizioan

• Musikaz gain, dantzaz gozatzeko aukera egongo da

Musikastek 50 edizio beteko ditu hilabete honetan. Eresbil Fundazioak – Musikaren Euskal Artxiboak eta Andra Mari Abesbatzak bizirik mantentzen dute ekitaldi hau sortzera eraman zituen ideia: euskal musikaren ikerketa sustatzera, sortzaileei eta interpreteei laguntzea eta beren obrak ezagutzera ematea, duela gutxi jaialdiari lotutako dantza ahaztu gabe.

Edizio honen aurkezpena gaur goizean egin dute Eresbil Fundazioaren egoitzan. Prentsaurrekoan hainbat erakundetako ordezkariak izan dira: Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea; María José Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Auzendari Nagusia; Aizpea Otaegi, Errenteriako Alkatea; Arantxa Arzamendi, Andra Mari Abesbatzako Lehendakaria; eta Pello Leiñena, Eresbil Fundazioko zuzendaria.

Aniztasuna errepertorioan eta agertokietan

Musikaste aurten maiatzera itzuliko da, bere jatorrizko hilera, COVID-19ak eragindako pandemia dela eta bi edizio urrian egin ondoren. Jaialdia ostegun honetan, hilak 19, hasiko da, eta 28ra arte iraungo du. Guztira, hamar kontzertu egingo dira zortzi egunetan. Emanaldiak Errenteriako hainbat agertokitan izango dira, hala nola Lekuona Fabrika, Niessen Kulturgunea, Madalena Ermita, Fatimako Parrokia, Jasokundearen Parrokia, Koldo Mitxelena ikastetxea eta Xabier Olaskoaga plaza.

Egitarau anitzak ganbera-musika, lied-a, dantza, musika erlijiosoa, txistua, Errenteriako Musika Bandaren emanaldia, Herri Arte Eskolako ikasleen emanaldiak, jazza, musika garaikidea eta musika korala bilduko ditu.

Programazio osoa eta sarrerak

Programazioaren xehetasunak jaialdiaren webgune estreinatu berrian dago eskuragarri: http://musikaste.eus. Webgune honek, halaber, Musikasteren historiaren ikus-entzunezko ibilbide bat jasotzen du, edizioz edizio.

Lau dira sarrerak zein gonbidapenak eskuratzeko guneak: Eresbil Fundazioaren egoitza (Alfonso XI kalea, 2), Lekuona Fabrikaren leihatila, musikaste.eus webgunea eta kontzertu bakoitzeko leihatila, kontzertu bakoitza baino ordubete lehenago.