“Energia Argitu Kit” iritsi da Errenteriara, norberak etxeko energia-diagnosia egiteko aukera paregabea

Energia berriztagarriak | Ingurumena | Jasangarritasuna 2022-05-24 | 0

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Errenteriako Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, etxean energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko helburua duen kanpaina antolatu du.

Kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere.

Kanpaina honela burutuko da:

  1. Azalpen-tailer batekin hasiko da, “Aurreztu dirua eta irabazi osasunean zure etxebizitzan” ekainaren 2an, Reina aretoan (Xenpelar kalea, 3), 18:30etan, Etxean autodiagnostiko energetikoa nola egin azaltzeaz gain, etxebizitzetan ohikoak diren arazoak konpontzeko irtenbideak zehaztuko dira.
  2. Udalaren bitartez, interesdunei “Energia Argitu Kit” maletak banatuko zaizkie. Kit horrek aukera ematen du etxeetan neurketak egiteko, energia-gabeziak detektatzeko (aire-ihesak, berokuntza-erradiadoreetako galerak, ur-emariaren kontrola, instalazioaren errendimendua eta galerak, eta abar) eta % 5 eta % 10 arteko aurrezpenak eragin ditzaketen neurri sinpleak hartzea proposatzen du. Maletatxoko tresnak erabiltzeak ez du eskatzen ezagutza teknikorik; beraz, interesa duten pertsona guztiek erraz erabili ahal izango dute.
  3. Behin etxebizitzaren auto diagnostikoa eginda, parte-hartzaileek etxebizitzen birgaitze energetikoko espezialistekin lortutako emaitzei buruzko zalantzak kontsultatzeko aukera izango dute.

Kanpaina honetan parte hartu nahi duten herritarrek, maiatzaren 31 baino lehen izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:

  • Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: argitu@gipuzkoa.eus
  • Honako telefono zenbakira deitzea: 628-532-303 (astelehenetik ostiralera. 9:00-17:00)
  • Informazio osagarria: www.argitu.eus

Kanpaina hau Energia Argitu programaren baitan kokatzen da eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. Honakoak dira 2022 urtean zehar Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak martxan jarritako gainerako prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak:

  • Nola egokitu etxeko kontsumo elektrikoa tarifa berrietara erotu gabe.
  • Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!
  • Energia berriztagarriak zure etxean…posible da!
  • Ibilgailuak elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak
  • Komunitate Energetikoak: zer dira eta nola funtzionatzen dute (Berria)

Informazio guztia www.argitu.eus web gunean eskuragarri.

No comments yet.

Utzi erantzuna