Gerakineko 3,3 milioi euro erabiliko ditu Udalak proiektu estrategiko berriak abian jartzeko, dagoeneko martxan dauden batzuei bultzada emateko eta hainbat kosturen igoerari aurre egiteko

• Guztira 14 departamentutako 41 proiektu sustatuko dira diru horrekin

• Gaikuntza horrekin udalak 68 milioi euro izango ditu exekutatzeko 2022an

2021eko kontuak ixtearekin batera gerakinaren zenbatekoa ezagutu da. Momentu hartan 8,9 milioi euroko gerakin bat zuen Udalak eta, 2021 urtetik zetozen gastu konpromisoak txertatu ondoren, 2022an sortu daitezkeen behar berezietarako 4,3 milioi euro gelditu dira.

2022a 58 milioi euroko aurrekontuarekin abiatu zuen Udalak eta hasieran txertatutako diruak, 1,3 milioi euroko funts berezia eta orain bideratuko diren gerakineko 3,3 milioi euroekin 68 milioi euro pasatxo izango ditu Errenteriako Udalak 2022an exekutazeko.

Gaur aurkeztu dira 2022an gerakina erabiliaz bideratu nahi diren proiektuak eta hauek aurrera eramateko erabiliko diren diru partidak. Guztira 3,3 milioi euro erabiliko dira proiektu hauek garatzeko.

Era berean, garrantzitsua da adieraztea, zuhurtziaz jokatu beharra dagoela eta, horregatik, beste milioi bat duela oraindik Udalak gerakinean erabili gabe, edozein ezustekori aurre egin ahal izateko.

Gerakina erabiliaz Udalak bideratu nahi dituen proiektuak:

-Proiektu berriak (0,8 milioi):

– Galtzarabordako igerilekuaren klimatizazio makinaria aldatzeko 160.000 euro.

– Aurtengo euriteek sortutako lur-jausien ondorioz ezpondak egingo dira hainbat puntutan. Horretarako 200.000 euro bideratuko dira.

– Gaztainoko igogailua egiteko 2022an 48.000 euro aurreikusi dira proiektua idatzi eta obrei ekiteko. 2023an, 520.000 euro obra bukatzeko.

– Beraun kalearen egokitzapenerako 2022an 180.000 euro aurreikusi dira.

Honekin batera konpromiso kreditu bidez 2023an 520.000 euro eta 2024ean 800.000 euro jasotzea onartuko da. Hartara, Beraun kalearen egokitzapenerako guztira 1,5 milioi euro aurreikusi dira.

– Bukatzeko, hainbat elkarteri dirulaguntzak bideratuko zaizkie beren jarduna osatzeko. Guztira, 92.000 euro.

– Martxan dauden proiektuei bultzada (1,7 milioi):

Kasu honetan dagoeneko diruz hornitutako proiektuei gehikuntza egingo zaie. Adibide gisa, Markolako estalpea eraikitzeko dagoeneko 500.000 euro daude partidan eta gehikuntza honekin 700.000 eurotan geldituko da.

– Ur hornidura sarea konpontzeko eta urbanizazioetarako, 320.000 euro.

– Markolako estalpea egiteko, 200.000 euro.

– Galtzaraborda eta Pontikako jubilatu elkarteetan obrak egiteko, 196.000 euro.

– Hirigintzako proiektuak idazteko, 110.000 euro.

– Kale garbiketa eta hondakin solidoen bilketa, 172.000 euro. Igoera hau soldata igoerak gauzatzeko bideratuko da.

– Hainbat udal eraikinetan egin beharreko interbentzioetarako, 270.000 euro.

– Kultur eskaintza osatzeko, 50.000 euro.

– Hainbat kosturen igoera (0,8 milioi):

-Argiztapen publikorako, 820.000 euro