Fanderian oinezkoen segurtasuna hobetzeko lanak bukatu dira

Argazkian: udal ordezkariak eta Fanderiako Auzo Elkarteko kideak

Fanderiako oinezkoen segurtasuna hobetzeko lanak amaitu dira, legengintzaldiko planeko beste konpromiso bat betez. Aizpea Otaegi alkateak, Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak, Bernar Lemos Hiri Mantenu eta Trafiko zinegotziak eta Fanderiako Auzo Elkarteko hainbat kidek gaur goizean aurkeztu dute emaitza.

Proiektu horren barruan, ibilgailuen zirkulazioa, zerbitzuak eta aparkalekuak berrantolatu dira, baita abiadura murrizteko neurriak txertatu ere.

Zehazki, honako jarduketa hauek egin dituzte:

• Oinezkoen pasabideak goratu dituzte, ibilgailuen abiadura murriztuarazteko

• Sigi-saga arinak jarri dituzte, helburu berarekin

• Fanderia pasealekua eta Dario Regoyos kalea noranzko bakarreko kaleak dira orain. Zirkulazioaren noranzkoa aldatu egin da Dario Regoyosen

• Eskoletako autobusen geltokia jarri dute

• Auzoko merkataritzarako eta zerbitzuetarako zamalanetarako gunea jarri da

• Touring etorbidean biribilgune bat eraiki dute, auzora sartu gabe buelta eman ahal izateko

• Auzoko erdiguneetan 10 km/h-ko eremuak ezarri dituzte

• Oinezkoentzako pasabideak berrantolau dituzte, auzoa zerbitzu eta instalazioekin hobeto konektatzeko (topoaren geltokia, kirol-gunea, parkea)

Trafikoaren azterketa

2021eko urtarrilean eta otsailean, hainbat astetan ibilgailuen fluxua neurtzeko kanpaina bat egin zen, bolumenak, abiadurak eta norabideak ezagutzeko.

Ikerketa horrek agerian utzi zuen, besteak beste, ibilgailuen gehiegizko abiadura eta auzoan zegoen zirkulazio-bolumen handia.

Era berean, trafiko-azterlan hori izan zen proiektuan txertatu beharreko neurriak kontrastatzeko eta ebaluatzeko oinarria.

Informazioa eta kontsulta bizilagunekin eta eragileekin

Maiatzaren amaieran, Udalak proiektu formarekin aurkeztu zuen 2019-2023 Legegintzaldiko Planak jasotzen zuen konpromisoa, ibilgailuen trafikoa berrantolatzekoa, Fanderiako oinezkoen joan-etorrietan segurtasun handiagoa eskaintzeko.

Ingeniaritza batek eta udal-zerbitzu teknikoek egindako proiektu hori ekainean postontzietan banatu zen auzoko etxe guztietan.

Informazio-fasea amaituta, kontsulta-fase bat ireki zen hilabetez, ekarpenak egin ahal izateko. Fase honetan hainbat ekarpen eta iritzi jaso ziren, bai alderdi politikoenak, bai Fanderiako Auzo Elkartearenak eta baita auzotar talde batenak ere.

Horiek aztertu ondoren, hirugarren azalpen-fasean, erronda bat egin zen prozesuan parte hartzen ari ziren eragileekin, proiektuan sartuko ziren proposamenak azaltzeko eta partekatzeko.

Azkenik, 2022ko lehen hilabeteetan auzoa berrantolatzeko lanak egin dira.

Legegintzaldiko Planean jasotako proiektua

Proiektu hau 2019-2023 Legegintzaldiko Planean jasota dago, eta Fanderiako oinezkoen konektibitatea hobetzeko eta oinez doazen pertsonei segurtasun handiagoa eskaintzeko beharretik sortu zen.