Errenteriako Udalak HAPOa berritzeko irizpideak, helburuak eta konponbide orokorrak onartu ditu

2020an ireki zen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPOa) berrikusteko prozesua une erabakigarrira iritsi da, Errenteriako Udalak irizpide, helburu eta konponbide orokorren dokumentua onartu berri baitu.
Ezinbesteko dokumentua da HAPOa berrikusteko prozesuan; izan ere, hura onartzearekin batera, erreferentziazko esparru bat ezartzen baita, eta horren gainean lan egiten eta irtenbide zehatzagoak eta egokiagoak prestatzen jarraituko da udalerri osorako.
Dokumentu hau egiteko, diagnostikoaz eta aurrerapen-dokumentuaz gain, kontuan hartu dira herritarrek parte hartzeko prozesuaren ekarpen guztiak, hirigintza-plangintzako aholku-batzordearen adierazpena eta udal-zerbitzu teknikoek zein idazketa-taldeak egindako proposamenak.
Proiektuaren arduradunek diotenez, onartutako dokumentuak “norabide onean” jartzen du HAPOa berritzeko prozesua. Izan ere, lan honen edukiek etorkizuneko Errenteria herri iraunkorragoa eta herritarrentzako bizigarriagoa izateko oinarriak ezartzen baitituzte.
Aipaturiko Irizpideak, helburuak eta konponbide orokorrak zortzi printzipio nagusitan laburbil daitezke:
1. Errenteriak Oarsoaldeko (Pasaiako badia) hiri-elkartearen eta hiri-inguruaren buru gisa duen zeregina indartzea.
2. Nukleo anitzeko hiri-eredua. Auzobihotzak identifikatzeko Aurrerakin Dokumentuaren ezarpenak, auzo jakin batzuetarako jasotako ekarpenak eta oinezkoentzako ardatzen antolamendua kontuan hartuta.
3. Motorizatu gabeko mugikortasuna bultzatuko duen eta irisgarritasun unibertsala bilatuko duen hiri-eredua.
4. Galtzarborda eta Gaztelutxoko biribilgunearen artean Euskotrenen trenbide-trazadura lurperatzearen alde egitea; edo zentroko geltokiaren trenbide-pasaguneari erantzuten dion eta Euskotrenen trazadurak gaur egun eremu horretan dituen inpaktuak arintzen dituen beste edozein konponbideren alde egitea, espazio liberatua herritarren erabilerarako berreskuratu ahal izateko.
5. Etxebizitza-parkearen birgaitzea erraztea eta 1.200 etxebizitza inguruko bizitegi-eskaintza berri bat proposatzea. Etxebizitza horiek, neurri handi batean, babes publikoko etxebizitzetarako izango dira, hainbat edukitza-erregimenetan, beste bizitoki-mota batzuen antolamendu osagarriari kalterik egin gabe. Horretarako, hirigune historikoari balioa ematea proposatzen da, biziberritzen saiatuz, eta hiria berroneratzeko eremuak mugatuz.
6. Udalerrian enplegua sortzen laguntzea, landa-inguruneko lehen sektorea antolatzeko baldintzak arautuz eta ekipamenduak ezartzeko eta industria eta hirugarren sektoreko jarduera ekonomikoak hartzeko lurzorua aurreikusiz.
7. Ingurumena bereziki babesteko baldintzak arautzea eta lurzoru urbanizaezinean erabilerak ezartzea (nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako jarduerak, energia berriztagarriak edo zerbitzu-azpiegituren beste erabilera batzuk), lurzoru berrien artifizializazioa bidezko ekimenetara mugatuz.
8. Klima-aldaketaren erronkari erantzuteko behar diren neurriak integratzea.
Dokumentuak argitaratzea
Herritarren partaidetza prozesuari dagokionez, nabarmendu behar da antolatutako parte-hartze ekimenetan 180 pertsona inguruk ekarpenak egin dituztela. Internet bidezko inkestak, foroak, ibilaldiak eta aurkezpen bilerak izan dira herritarrei euren iritzi eta proposamenak emateko bideak. Ekarpenak, eta prozesuaren nondik norakoak bildu dira dagokion memorian, eta berau ikusgai jarri da HAPOaren berritze prozesuan sortu diren beste dokumentuekin batera https://errenteria.eus/hapoa-berritzea-dokumentazioa/ helbidean.
Hain zuzen ere, azkeneko egunetan argitaratu dira:
• Irizpideak, helburuak eta konponbide orokorrei buruzko dekretua
• Aholku kontseiluaren ebazpena
• Partaidetza prozesuaren memoria osoa
• Partaidetza prozesuaren sintesi memoria