Ingurumenaren Mundu-egunean, Artikutzako finkari, presei eta ibaien kontserbazioari buruzko «Urak aske» dokumentala emango dute

Ekainaren 5ean (igandea), Ingurumenaren Munduko Eguna ospatzeko, bi urtegi handiren (Vezins eta Artikutza) hustuketan eta urtegi horien presak ezabatzean oinarritzen den «Urak aske» dokumentala ikusi ahal izango da Errenterian, 12:00etan, Niessengo udal-auditoriumean. Sarrera doakoa da. Dokumentala Euskal Herriko herri eta hiri askotan eman da dagoeneko: Donostian, Iruñean, Gasteizen, Arrasaten, Bergaran, Lizoainen, Lezon, Ardanazen eta Urrozen, besteak beste.

«Presak kendu, ibaiak berreskuratu» leloa duen “Urak aske” dokumentala ele bietan dago eta 74 minutuko iraupena du. Gizakien eta naturaren arteko harremanari buruzko gogoeta egiten du, eta bioaniztasuna eta basa bizitza kontserbatzeko etorkizunean jarraitu beharreko bidea irudikatzen laguntzen du. Normandian (Frantzia) eta Euskal Herrian bi urtegi handi husteko eta presak kentzeko egindako urratsak kontatzen ditu.

Vezins eta Artikutzaren artean 800 kilometro daude. Ura ateratzeko lanak bi lekuetan egin dira aldi berean, baina ez modu berean. Lehenengoan, hamar urteko prozesu gatazkatsuaren ondoren, Sélune ibaia oztopatzen zuen horma kendu dute. Bigarrenean, natura pixkanaka berreskuratu da, baina 42 metroko altuerako hormak zutik jarraitzen du. Biek piztu dute mundu osoko ikertzaileen interesa.

Artikutza, Natura 2000 Sarean babestutako naturgunea, Euskal Herrian kokatuta dago. Urumearen arroaren goialdean, Goizuetako udalerriko lursail hau intentsiboki ustiatu zen mendeetan zehar. Baina XX. mendearen hasieran, Donostiako Udalak erosi zuen Artikutza, hiriaren ur-horniduraren beharrak asetzeko, eta inguruko ekoizpen-jarduera guztia bertan behera utzi zuen. Gaur egun, Kantauriko kostaldeko leku naturalenetako bat da.

Añarbeko urtegia 1978 eraiki eta, berehala, Artikutzakoa erabileratik kanpo geratu zen. 2017an hura husteko prozesua hasi zen, ingurunea lehengoratzeko. Lan horiek poliki-poliki egin ziren, eta hasierako inpaktuaren ondoren, naturak berreskuratu egin du hainbat hamarkadatan urpean egon zen eremua. Hala ere, hormak zutik jarraitzen du, presa kentzeko prozesuak hasieran aurreikusitakoak baino arazo gehiago sortzen baititu.

Donostiako Udalak Artikutzan hartutako erabakiari esker, urtegiaren bi milioi m3 hustu ahal izan dira, eta muturluze piriniarraren biziraupena erraztu da, desagertzeko arriskuan dagoen ibaietako ugaztuna. Beste ekimenean, Normandian, Vezins presa kendu dute izokinak Sélune ibaira itzul daitezen.