Landarbaso Abesbatzako haur eta gazte taldeek ekitaldi artean itxiko dute ikasturtea

Argazkian: Iñaki Tolaretxipi, Landarbaso Abesbatzako zuzendaria, eta Maddalen Dorronsoro, talde formatiboen zuzendaria.

Landarbaso Abesbatzako talde gazteenak ikasturte amaierako ekintzetan murgilduta daude.

Gaur arratsaldean, 17:45ean, Merkatuzarren, MusikART Landarbaso taldeko 6 eta 8 urte bitarteko haurrek, Kontari haur abesbatzako kide batzuekin batera, ikasturtean zehar egindako lana eta bizitako abenturak erakutsiko dituzte ‘Artista Piraten Festa’ emanaldian.

Bestalde, Kontari-Landarbaso abesbatzak kontzertua eskainiko du ekainaren 18an Madrilen. Coro de Jóvenes de Madrid abesbatza ospetsuko Menudos Cantantes haur sailarekin egingo duten truke kontzertua da. Kontzertuaren hasieran, abesbatza anfitrioiak pare bat abesti abestuko ditu Kontari-Landarbasoko koralistei bidea emateko. Landarbaso Elkarteko prestakuntza taldeetako zuzendari den Maddalen Dorronsorok azpimarratu du ohore handia dela horrelako abesbatza batekin elkartruke bat egitea.

Azkenik, prentsaurrekoan aurreratu dutenez, MusikART musika tailerrerako eta Kontari eta Dizdizka abesbatzetarako matrikula zabalik dago, baina laster emango dituzte xehetasun gehiago.