Errenteriak European Green Leaf 2024 ingurumen-saria jasotzeko hautagaitza aurkeztu du

Ingurumena 2022-06-08 | 0

Apirilean aurkeztu zuen Errenteriako Udalak bere hautagaitza European Green Leaf lehiaketara. Udalerri berdea lortzeko urratsak emateko konpromisoan oinarritzen da hautagaitza, eta azken legegintzaldietan zein legegintzaldi honetan egiten ari den bideari jarraitzen dio, 2025eko Plan Estrategikoan eta egungo agintaldi-planean oinarrituta.

Berriki jakinarazi dio Europar Batzordeak Errenteriako Udalari bere hautagaitza onartu duela. Horrela, beste bederatzi hirirekin batera lehiatu beharko du Errenteriak, denak 20.000 eta 100.000 biztanle artekoak: Alytus (Lituania), Aulnay-sous-Bois (Frantzia), Bistriţa (Errumania), Elsinore (Danimarka), Garges-lès Gonesse (Frantzia), Sisak (Kroazia), Grevena (Grezia), Treviso (Italia) eta Velenje (Eslovenia).

Urrian, Europako Batzordea buru duen nazioarteko epaimahai batera gonbidatuko dituzte hiri finalistak. Finalistek euren komunikazio estrategia aurkeztuko diote epaimahaiari, hiriak irabaziz gero Europako hiri berde izendapeneko urtean zein jarduera burutuko dituzten azaltzeko.

Irabazleak zeintzuk diren urriaren 27an iragarriko dute, Grenoble hirian (Frantzia) egingo den ekitaldian.

European Green Leaf titulua hiri bati edo biri ematen zaie eta irabazle bakoitzak 200.000 euroko sari ekonomikoa jasotzen du.

Zer da European Green Leaf edo Europako Hosto Berdea saria?

Pertsona gehienak hirietan bizi dira, eta horrek ingurumen-erronka asko gainditu beharra dakar, hala nola: airearen eta uraren kutsadura, zarata-kutsadura, bioaniztasunaren galera, klima-aldaketaren areagotzea edota mugikortasuna. Sei arazo nagusi hauentzako irtenbiderik hoberenak zeintzuk diren ezagutarazteko eta eredugarri izan daitezkeen hiri ekologiko eta jasangarriak badaudela erakusteko, Europar Batzordeak 2008an sortu zuen European Green Capital saria (Europako Hiriburu Berdea) eta 2015ean European Green Leaf (Europako Hosto Berdea) saria.

Urtero, Europako Batzordeak sariaren irabazleak aukeratzen ditu, mundu osoko «hiri berdeen enbaxadore» bihurtzen direnak, baina ere berean beren ekimenak gauzatzeko herritarrekin lankidetzan aritzeko ahalegin handia egiten dutenak.

Izan ere, herritarren kontzientzian eragitea bilatzen da, guztion eguneroko erabakiek planetaren eta bertan bizi garenon osasunean eta bizi kalitatean eragin zuzena baitute.

Errenteria 2025 Plan Estrategikoa

European Green Leaf honetara aurkeztutako udal hautagaitza eraikitzeko ikuspegia Errenteria 2025 Plan Estrategikoko hiru erronkatatik etorri da:

– Hiri solidarioa, aktiboa, kohesionatutakoa eta integratzailea

– Gune naturalei balioa ematen dien eta ingurune iraunkorra bultzatzen duen hiria

– Konektatutako hiria, irekia eta kanpoko proiekzioaren protagonista dena

Eta hiru erronka hauei lotuta, udal hautagaitzak aipatutako Planaren ondoko lerro estrategikoei erantzuten die:

– Energia aldetik jasangarria den Errenteria baten alde egitea, energia iturri berriztagarriak sustatuz

– Oiartzun ibaiak ingurumen-kalitate handiko korridore gisa, hiri bizimodua egituratzen du

– Herritarren artean bizi-ohitura osasungarriak sustatzea eta ahalbidetzea

– Tokiko eta landa-eremuko baliabide naturalak babestu eta balioestea

– Birziklatzean eta baliabide naturalak modu eraginkorrean aprobetxatzean oinarritutako hiri-eredurantz aurrera egitea

– Udalerriko mugikortasun hobearen eta iraunkorragoaren alde egitea

No comments yet.

Utzi erantzuna