Madalenetako programak ez du publizitaterik izango

Udalak herriko merkatariei jakinarazi nahi die aurtengo Madalenetako programan ez dela publizitaterik txertatuko.

Covid19aren ondorio ekonomikoei aurre egiteko martxan jarritako Talka- eta Suspertze-Planaren baitan Bizi Errenteria programa abiarazi zuen 2020an Udalak. Errenteriarren eta Errenteriako ekonomia-sektoreen arteko harremanak sendotuz, bere osotasunean herriaren eta herritarron suspertze ekonomikoan eragiteko bokazioarekin sortu zuten ekimena, pertsonak erdigunean jarriz.

Posizio hori indartu asmoz, tokian kontsumitzeko deiaz harago, egitasmoa elkartzeko topagunea, elkarri aitortza egiteko, guztiok egindako lanaz elkarrekin gozatzeko abagunea izan dadin sortu zen egitasmoa. Ekonomikoki ez ezik, herriari bizitza emateko eta elkar zaintzen jarraitzeko; zentzu zabalenean herri egiteko.

Bizi Errenteria markarekin herriko komertzioak modu bateratuan bisibilizatzea lortu da azken urteotan. Hori dela-eta, eta merkatari guztiei aukera berdinak eskaintzeko xedez, Madalenetako programan komertzioek ahots bakarretik zorionduko dituzte herritar guztiak.