Lehen Sorgingarra antolatu du Orereta Ikastolak

  • Udaburuko suaren osagarri izan nahi du festak eta ekainaren 18an ospatuko da

Sorgingarra jaia antolatu du Orereta Ikastolak lehenengoz. Udaburuko suaren lehen garraren jaia izango da, azken horren osagarri izateko eta bere izaera paganoa azpimarratu nahiz indartzeko asmoz sortutako egitasmoa.

Ekainaren 18an egingo da lehen edizioa, ilunabarrez. 19:30ean Sorgingar kalejirak emango dio hasiera, Lehendakari Agirre plazatik abiatuta. Herriko plazara heldu aurretik, Gamon zumarditik, Biteri Txiki kaletik, Xabier Olaskoaga plazatik, Alfontso XI.a eta Biteri kaleetatik, Koldo Mitxelena plazatik, eta Maria de Lezo eta Maddalen kaleetatik pasako da Irurtzungo Orritz Iskidi taldeko izaki mitologiko, joaldun eta dantzariek gidatutako kalejira. Xabier Olaskoaga eta Koldo Mitxelena plazetan geldialdiak egingo ditu emanaldi banaz gozatzeko.

Herriko plazan, 20:30ean, udaburuko suaren lehen garra piztuko da. Aitzbitarteko Lagunak elkarteko ordezkariak arduratuko dira horretaz. Larruz jantzita, ardagaia erabiliko dute udaburuko suaren lehen garra pizteko. Galda hori piztuta mantenduko da San Joan bezperara arte. Izan ere, hilaren 23an Herriko plazan Ereintza dantza-taldeak aurreskuaren ostean pizten duen belar-metaren lehen garra izatea da asmoa.

Herritar oro gonbidatu nahi du Ikastolak Sorgingarrean parte hartzera, Sorgingarrak ere herritik sortu eta herriarentzako zein herritarrentzako festa izan nahi baitu.

Ibilbidea: